Ostiralean birjabetu zuten Atarrabiako (Nafarroa) eraikin bat, gaztetxea sortzeko, Autogestioaz, gaztetxea orain lelopean egindako mobilizazioaren ondoren. Gazteek azaldu zuten urtebete daramatela lanean proiektu autogestionatu baten alde, "asimilazio, despolitizazio eta indibidualismoaren aurrean, desjabetuon interesak defendatzeko". Hasieratik jarri ziren harremanetan eraikina kudeatzen duen Iruñeko mankomunitatearekin, baina ez dute aukerarik utzi negoziazioei ekiteko.
Mezu argia eman zietela kontatu dute asanbladako kideek, eraikinaren atarian egindako agerraldian: "Espazioa momentuan uzten ez bagenuen, desalojoari ekingo ziotela. Asanbladak espazioa uztea erabaki du. Argi daukagu Atarrabiak gaztetxe bat behar duela, baina gure proiektua ez da espazio honetara mugatzen, askoz ere harago doa, eta honetan lanean jarraituko dugula argi daukagu".
Ildo beretik, "gune autogestionatuak birjabetzeko eta haien defentsa gauzatzeko ezinbestekoa" delakoan, autodefentsaren aldeko hautua berretsi dute, eta babes osoa agertu diete desalojatu berri duten Ormaiztegiko (Gipuzkoa) gaztetxeari nahiz arriskuan dauden guztiei: Lizarra, Burlata, Barañain, Arrotxapea... "Jarrai dezagun desjabetuon kontrolpeko guneak sortzen eta defendatzen".