ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/08/29 09:19

Adin batetik aurrera soldatapeko lanean jarraitzearen eta hilkortasun goiztiarra izatearen arteko harremana aztertu du Espainiako Estatuko Ekonomia Aplikatuko Ikerketen Fundazioak, Fedeak. Azterketa horrek ondorio garbi bat ekarri du, hainbat komunikabidek jadanik nabarmendu dutenez: erretiroa hartzeko adina atzeratzeak zuzenean eragiten du lehenago hiltzeko arriskua areagotzean.

Fedearen esanetan, soldatapeko lanean luzatzeak "nabarmen" handitzen du hilkortasun goiztiarra biziagotzea: hala gertatzen da 60 eta 69 urte arteko pertsonen artean, gutxienez. Hortaz, erretiro-adina etengabe atzeratzen aritzeak dakartzan ondorioei egin die azpimarra fundazioak, "bizi-itxaropenaren gaineko kalteei" erreferentzia eginda.

Ikerketak ikusarazten du argia dela lan egitearen beraren eragin negatiboa, eta hori garbi ikusten dela, adin batetik aurrera, beharginak lan-orduak murrizten hasi bezain pronto: badirudi erretiro partziala hartu ahal izateko aukera duten pertsonen artean "askoz ere txikiagoa" dela hilkortasun tasa goiztiarra.

Lanaren exijentziak

Fedearen ikerketak, gainera, soldatapeko lanaren askotariko exijentziek duten eragina aipatzen du: fisikoki gogorragoak diren eta karga mental handiagoa sortzen duten lanek are gehiago azkartzen dute langilearen heriotza. Badirudi, beraz, fisikoki eta mentalki ahalegin handiagoa eskatzen duten lanbideek eragin zuzena daukatela lehenago hiltzeko arriskuan.

Irabaziak eta kostuak

Hotza badirudi ere, sistema kapitalistaren logika modu ezin hobean erakusten du Fedeak bere ikerketan aipatzen duen beste auzi batek: langileriak etenik gabe lanean segitzeak Gizarte Segurantzari ekartzen dion onura kalkulatzen du.

Horrela, eta modu ez-zuzenean bada ere, aditzera ematen du Estatuarentzat mesedegarria dela erretiro-adina atzeratzea; hala nola, behargin bakoitzari ordaindu beharreko pentsioaren iraupena murrizten delako, eta langile bakoitzak soldatapeko lanaren bidez egiten duen "ekarpena" luzatzen delako.

Honakoa da Fedeak horri dagokionez esandakoa: "Erretiroa atzeratzeak eta pentsioen ordainketen iraupena murrizteak eragindako zerga-aurrezkiek ez dute konpentsatzen bizi-itxaropenaren murrizketari lotutako galera soziala".

Pentsioen erreformak

Azken urteetan edonolako gobernuetan mahaira atera diren erreforma guztiek, dena den, norabide argi bat markatzen dute: jubilatu ahal izateko adina etenik gabe atzeratu nahian ari dira, Espainiako eta Frantziako estatuetan barne. Aurreko urtean, esaterako, zeresan handia eman zuen Frantziako Gobernuak martxan jarritako erreformak: modu erabat autoritarioan eta Konstituzioko 49.3 artikulua ezarrita, erretiro-adina 64 urtera atzeratzeko pausoa eman zuen gobernuak, 2030erako.


Irakurri hemen Minxer Etxeberrik auziari buruz idatzitako kolaborazio-testua: Sugarren berotasunetik errautsen hotzera

NO HAY COMENTARIOS