Beasainen (Gipuzkoa) familia bat etxegabetzeko asmoa du Laboral Kutxak. Goierriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eman du egoeraren berri: familia horrek urteak daramatza etxe batean alokairuan bizitzen, baina Laboral Kutxak etxea enbargatu dio aurreko jabeari, eta martxan jarri du une honetan bertan bizi diren pertsonak botatzeko prozedura.
Bankua "bere irabaziak handitu nahian" ari dela salatu dute sindikatuko kideek, eta, "horretarako, etxebizitza bakoitzarekin ahalik eta etekinik handiena lortu" nahi duela. "Bidean familia bat kaleratua izan behar bada, kaleratua izango da", gaineratu dute.
"Banketxeek argi utzi dituzte euren interesak", seinalatu du sindikatuak: "Proletalgoaren parte garen familiak mailegu eta errentekin itotzen gaituzte, gure diru-sarreren zati handi bat eurenganatuz". Azaldu du, hala, "etxebizitzarengatik ordaintzera behartzen" dutela bankuek eta "gure kontura aberasten" direla; eta hori ordaindu ezin duena etxegabetu egiten dutela.
"Basakeria honen guztiaren aurrean, banketxeen irabaziei aurre egitea eta pertsona guztientzako doako etxebizitzaren alde egitea ezinbestekoa da", sindikatuaren esanetan. "Laboral Kutxak kaleratu nahi duen familia babestu eta etxegabetzearen baldintzarik gabeko etetea defendatu" du, aurretik egin bezala, etxe-kaleratze ororen etetea exijituz. Doako etxebizitza aldarrikatu du guztiontzat.