ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/12 09:17

Atzo hasi zen BBK Live makrojaialdia Bilbon (Bizkaia), eta, egun berean, protesta bat egin zuen bertako Laneko Autodefentsa Sareak. Jaialdiari ezetz esateko eta bertan soldatapean jarduten duten beharginen lan-baldintza miserableak salatzeko, elkarretaratze bat egin zuen LASek arratsaldean, EITBren San Mameseko egoitza aurrean. BBK Live antolatzen duen Last Tour enpresa eta hari bide egiten dion Bilboko Udala seinalatu zituzten protestan, langileek jasaten duten prekaritatearen erantzule zuzen gisa.

"Asteburu honetan, milaka langile lan-baldintza miserableetan arituko dira jaialdian, eta Last Tour enpresak, aldiz, urteko irabazien zati handi bat eskuratuko du langile horien kontura", azaldu zuten LASeko kideek atzoko elkarretaratzean.

Gaineratu zuten erakunde publikoek, bitartean, "enpresarien irabaziak bermatzera" bideratu dituztela "indar guztiak": "Bilboko Udalak, beste instituzioekin batera, 1,5 milioi eurorekin baino gehiagorekin finantzatu du jaialdia, eta hainbat zerbitzu berezirekin sustengatuko du". Zerbitzu berezi horien artean daude, esaterako, garraioa, garbiketa eta larrialdi-zerbitzuak, bai eta polizia-indarren presentziaren areagotzea ere.

Hori guztia dela-eta, BBK Liven kasuan duten esku-hartzea ikusita, argi salatu zuen Bilboko LASek: "Alderdi politiko profesionalak zein instituzio publikoak enpresarien irabaziak handitzeko eta bermatzeko tresnak dira".

Interes komunik ez

Bilboko makrojaialdiak dakarrena ikusita, LASeko kideek nabarmendu zuten ez dagoela "enpresarien eta langileen arteko inolako interes komunik, enpresarien irabaziak langileriaren lan- eta bizi-baldintzen okertzean oinarritzen baitira". Beraz, gezurtatu egin zuten "mota horretako ekitaldiek guztiontzako komuna den onura ekonomikoa dakartelako" ideia.

LASen arabera, BBK Live eta halako jaialdi oro "turismo, aisialdi, ostalaritza zein merkataritza sektoreetako enpresarien irabaziak handitzera bideratuta" baino ez daude, nahiz eta "baldintza penagarrietara behartuta dauden milaka eta milaka langileren lanak" sostengatzen eta ahalbidetzen dituen ekimen horiek.

Hiri-eredua: pobrezia

Ohartarazi zuten, bestalde, BBK Livek "ordezkatzen duen hiri-ereduak lan- eta bizi-baldintzen okertzea besterik ez" dakarrela langileriarentzat; "pobrezia, azken finean". Horren islatzat jo zituzten "aldi baterako lanaren hedapena zerbitzuen sektorean, lan-baldintza miserableak eta irregulartasunak ostalaritzan, azpikontratazioaren ugaritzea eta soldaten jaitsiera, etxebizitzaren prezioaren etengabeko igoera, proletalgoa hiriaren periferiara kanporatua izatea, kontrol eta jazarpen polizialaren areagotzea", eta abar.

Azpimarra egin zioten halako makrojaialdien helburuari, beraz: "langileon lan- eta bizi-baldintzen kontura aberastea". "Proletalgoari inposatu nahi diguten hiri-eredua", hain justu, "pobreziarena" dela uste dute; eta, "bitartean, enpresariek inpunitate osoz jazartzen gaituzte, alderdi politikoek baliabide guztiak enpresen irabaziak loditzera bideratzen dituzte eta instituzio publikoek etekin kapitalistetan oinarritutako hiria sustatzen dute".

Last Tour jopuntuan

LASek gogorarazi zuen Last Tour enpresa dela, hain zuzen ere, "turismora eta ostalaritzara bideratutako hiri-eredu horren onuradun handienetariko bat", "Bilboko ostalaritzaren eta aisialdi-industriaren zati handi baten jabe" baita. Urtean gutxienez 100 milioi euro fakturatzen ditu, baina nabarmena da nola lortzen duen hori: "Aldi baterako lana, azpikontratazioa, aldi baterako laneko enpresak eta lan-baldintzen okertzea bultzatu eta industria musikala diruaren bidez monopolizatzen du".

Eta hori guztia, gainera, "instituzio publikoekiko eta EAJrekiko hasieratik izandako loturari esker" lortu du enpresak, LASen esanetan: "Bilboren hiri-eredu berria eta Bilboko Udalaren irudia sustatzearen truke, urteak dira Last Tourrek dirulaguntza handiak jasotzen dituela".

Enpresarien inpunitateari eta hiri-ereduari aurre

Bilboko LASek beharrezkotzat jo zuen "lan-baldintza miserableak normalizatzen ari diren sektore horietan guztietan enpresarien inpunitateari aurre egiteko antolatzea eta enpresarien irabazi milioidunak espropiatzea", bai eta "enpresarien, politikari profesionalen eta instituzio publikoen arteko kolaborazio estua salatzea". Izan ere, argitu zuen "enpresarien irabaziak handitzeko eta bermatzeko tresnak" direla politikari profesionalak eta erakundeak. Bestalde, dei egin zuen langileria "pobreziara, jazarpenera eta kanporaketara kondenatzen dituen hiri-ereduari aurre egitera".

Beharginek BBK Liven jasan beharko dituzten baldintzak ekarri zituzten gogora LASeko kideek: hamabi ordutik gorako lanaldiak, atseden falta eta ordutegien etengabeko aldaketak, besteak beste. "Enpresariak haien botere-posizioaz baliatzen dira lan-baldintza horiek inpunitatez inposatzeko, langileon atomizazioa, gure kontrako mehatxuak eta babeserako baliabide falta aprobetxatuz", esan zuten.

Hortaz, makrojaialdian lanean arituko diten langileei deia egin zieten LASekin harremanetan jartzera, "antolatzera, baldintza horiek guztiak salatzera eta horiei aurre egitera". Jakinarazi zuten, hala, lanean jarraituko dutela "langileon babeserako baliabideak sortzeko eta kolektiboki aurre egiteko".

NO HAY COMENTARIOS