ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/07/11 11:48

Apirilean eman zuten Aurka kolektiboaren sorreraren berri, musikaren arloan "eszena anti-komertzialean alea jarri nahi duen kolektiboa". Hainbat ekimen egin ditu maiatzean eta ekainean Donostiako (Gipuzkoa) Zentro Sozialistan eta Bilboko (Bizkaia) 7Katu Gaztetxean, eta pausoak ematen jarraitzen du ibilbide hasiberrian. Horrekin batera, hainbat salaketa eta hausnarketa egin ditu BBK Live jaialdiaren atarian, makroekimen horrek "etsaiaren eredua" islatzen duela seinalatuz.

"Ekitaldi musikal soil izatetik haratago, kultur-industria kapitalistaren produktu esanguratsuenetakoa da Euskal Herrian", azaldu du jaialdiari erreferentzia eginez. Honela laburbildu du BBK Liven "formula", hain zuzen ere: "Izar handiekin eta tokiko artista emergenteekin kartela puztu, diru publiko kantitate izugarriak xahutu, lan prekarioaz baliatzen diren zerbitzuak azpikontratatu, eta ikuslearen poltsikoak zukutu". 

Kolektiboko kideek gaineratu dutenez, "irabaziak betikoentzat" izaten dira ekimen horietan, alegia, "enpresari handientzat eta haien zerbitzurako politikarientzat". Izan ere, gogorarazi dute Last Tour enpresa dagoela BBK Liven atzean, "EAJ alderdiaren aliatu bikaina".

Miseriazko lan-baldintzak eta diru publikoa sostengu

Aurkak berriki parte hartu du Bilboko (Bizkaia) Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) BBK Liveko lan-esplotazioaren inguruan egindako hitzaldian. Hala, makrojaialdiaren eredua salatzean gogorarazi duenez, "BBK Liven, horrelako ekitaldien oinarri diren lan-baldintza prekarioak erreproduzitzen dira".

Adibide modura aipatu ditu "lanaldi amaigabeak (17 ordura artekoak), Ostalaritzako Hitzarmenekoak baino askoz ere baxuagoak diren soldatak (4-5 euro ordua), langileek lo egin eta elikatzeko baldintza miserableak, atsedenaldi eza, gabeziak segurtasunean, istripuen aurrean larrialdietara lan-parterik gabe joateko aginduak, bajak jartzeko ezintasunak", eta abar. "Makrojaialditik haratago, inguratzen duten sektore guztietara hedatzen diren lan-baldintzak dira, eta gazteria langilea eredu horretara egokitzea justifikatzeko balio dute", gaitzetsi du Aurkak.

Hori gutxi balitz, ohartarazi du ekimena antolatzen duen Last Tour konpainiak "diru publikoa eta tratu fiskal mesedegarria" jasotzen dituela zuzenean.

Enpresen eta erakundeen aurpegi zuriketa

Kolektiboak adierazi du, bestalde, "itxura onbera, alai eta alternatibo bat eskaintzen" duela BBK Livek. Horretarako, Herrian, Hirian edo Bereziak ekimenen bidez, "dohainiko kontzertuak eskaintzen" ditu adibidez, "makrojaialdiaren propaganda gisa eta enpresa edo instituzio kapitalisten legitimatze gisa". Baina, horrez gain, aurtengoan "Kneecap talde irlandarraren emanaldia baliatu dute jaialdiaren kareta errebelde bat saltzeko", eta "#FreePalestine leloa erabili" dute besteak beste.

Aurkak ohartarazi du, ordea, Last Tourrek elkarlanean jarduten duela "sionismoarekin lotura estuak dituzten erakundeekin (BBVA eta EAJ batik bat)", eta "zentsura" inposatu duela "BBK Live jaialdian pairatzen diren lan-baldintzak salatu izan direnean". Eta gehitu du: "Musika-industriaren berezko logikaren baitan ulertu behar dugu aurpegi garbiketa hori dena. Industriak bere aurkako kritikak eta posizio politiko alternatiboak asimilatzen ditu, merkatu berriak ireki eta askotariko publikora heltzeko".

"Beste eredu baten beharra"

Laburbilduz, kolektiboak defendatu du "etsaiaren eredua" dela BBK Livena; "enpresentzat eta politikari profesionalentzat helburu ekonomikoak betetzeko erreminta izateaz gain, funtzio politiko bat ere betetzen duelako". Uste du "industria kulturalak eskaintzen duen entretenimendu katalogoan produktu bat gehiago" dela jaialdia, eta "miseriara kondenatzen gaituzten instituzio kapitalistak (enpresak, estatu-aparatuak...) legitimatzen" dituela, "bereziki gazteria langilearen aurrean".

"Bestelako eredu bat aldarrikatzen dugu guk. Ez dagoena dinamika horretatik kanpo soilik, baizik eta musikaren negozioaren eta despolitizazioaren aurka", erreibindikatu du azkenik Aurkak.

NO HAY COMENTARIOS