ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/08 13:10

Datorren asteburuan izango da BBK Live makrojaialdia Bilbon (Bizkaia), eta bertako langileek jasan behar izaten dituzten miseriazko lan-baldintzak salatu ditu Bilboko Laneko Autodefentsa Sareak. Last Tour enpresak antolatzen du jaialdia, eta bera nahiz Bilboko Udala jo ditu LASek langileei inposatzen dizkieten baldintza negargarrien erantzule modura. "Enpresariek, instituzioen konplizitatearekin, etekinak handitzen dituzte gure soldaten eta lan-baldintzen okertzearen kontura", salatu du.

BBK Live jaialdiari ezetz esateko, bertako lan-baldintzak salatzeko eta Last Tourren eta Bilboko Udalaren erantzukizuna seinalatzeko, protestara deitu du Bilboko LASek. Ostegun honetan, hilaren 11n, elkarretaratze bat izango da EITBren San Mameseko egoitza aurrean, 19:00etan.

Salaketa-ekintzak azken asteetan

BBK Live ez. Halaxe dio Kobetamenditik (BBK Live hartuko duen parkea) gertu egin berri duten aldarriak, letra larriz. Horixe ez da izan, baina, Bilbon makrojaialdi horren kontra sortu den erantzun bakarra. Errekalden, BBK Live jaialdiari lotutako Hirian ekimena izan da berriki, eta horren aurka altxatu da, esaterako, auzoko Etxarri II Gaztetxea. "Bankuen eta enpresa handien makrojaialdien aurrean, guk argi daukagu gure jarrera: bestelakoa izango den aisialdia garatzea eta horretarako baliabide eta espazioak defendatzea", esan dute Gaztetxeko kideek.

BBK Liven eta Hirian jaialdiaren kontrako zenbait margoketa eta pankarta ikusi ahal izan dira Errekalden azken egunetan: "BBK Live ez", "Aisialdia auzotik antolatu", eta abar.

Langileentzako gida

Ostegun honetarako mobilizazio deialdiaz gain, BBK Liven lanean arituko diren beharginentzako gida bat sortu du Bilboko LASek. Horren bidez, langileek dituzten hainbat eskubide azaldu ditu, baita hainbat gomendio eman ere. LASek ohartarazi du, adibidez, enpresak gaueko lanari lotutako plusak ordaindu behar dituela, beharginek 22:00etatik 06:0etara bitartean jarduten badute; edota gogorarazi du langileek eskubidea dutela lanen bati uko egiteko, enpresak horretarako beharrezko prestakuntzarik, tresnarik edota Norbera Babesteko Ekipamendurik bermatu ez badie.

LASek gidan jaso duen beste argipen bat da, bestalde, egun bateko lanaldia zortzi ordukoa izan daitekeela gehienez, 30 minutuko atsedenaldi batekin. Muga hori gaindituz gero, gainerako ordu guztiak estra gisa ordaindu behar ditu enpresa kontratatzaileak. Lanaldi bat amaitzen denetik hurrengo lanaldia hasten denera arte, gainera, gutxienez hamabi orduko atsedenaldi bat izan behar dute beharginek.

Soldatari dagokionez, gidan argitzen den bezala, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata baino handiagoa izan behar da derrigorrez. Gainera, BBK Live jaialdian zehazki, enpresak bete egin beharko lituzke zenbait hitzarmenetan zehazten diren baldintzak; hain justu, Bizkaiko Ostalaritzako Hitzarmena edo Dantzalekuetako, Diskoteketako, Aisialdiko Lokaletako eta Ikuskizunetako langileen Espainiako Estatuko Ituna aplikatu beharko lituzke, halabeharrez.

Hainbat gomendio ere eman dizkie langileei LASek: edonolako frogak biltzea eta ongizatea arriskuan jar dezaketen lanei uko egitea, besteak beste. Beharginei esan die gogoan izateko ez daudela bakarrik, eta dei egin die lan-baldintzen urraketen aurka antolatzera eta horiei aurre egitera. LASekin harremanetan jartzeko bideen berri ere eman du: lanekoas.bilbo@gmail.com helbide elektronikoa edo 624 478 671 telefono zenbakia.

NO HAY COMENTARIOS