Vox alderdi faxistaren barne-arrakalak sakontzen ari dira, eta agertoki publikoan elkarri egindako akusazioez gain, epaitegiek alderdikide bati egindako akusazioa atera da argitara: El Correo-ren arabera, Voxeko afiliatu bilbotar bat auzipetu dute, Kantabriako Parlamentuan bere zenbait kide legez kanpo espiatzeagatik. Daniel Alvarez da seinalatutako pertsona, eta badirudi "boligrafo-espia" baten bitartez zelatatu zituela Voxeko bi diputatu eta beste bi soldatapeko.
Voxeko kidea da Alvarez, eta Vocentoko egunkariaren esanetan, hainbatetan aurkeztu da alderdiaren zerrendetan, bai Espainiako Senaturako bai Laredoko (Kantabria) alkatetzarako. Hain zuzen ere, Laredoko udal-politikan eman zituen bere lehen urratsak politika instituzionalean, 2023ko udal-hauteskundeetan alkategai izan arte. 250 boto baino ez zituen eskuratu. Dena den, Senaturako bozetan ere hautagai gisa aukeratu zuen Voxek, eta alderdiko figura nagusi bilakatu zen Laredon. Horrez gain, Kantabriako Parlamentuan aholkulari gisa jarduteko fitxatu zuen Leticia Diaz bozeramaileak.
Alvarezek bertan jarraitu zuen bere ibilbidearekin, Cristobal Palacio eta Armando Blanco Voxeko diputatuekin gatazka piztu arte eta gailu teknologiko baten bidez haiek zelatatu arte. Voxen Kantabriako zuzendaritzak kargugabetu egin zuen orduan Laredon, baina Leticia Diazek bere ondoan mantendu du, auzitegietan berriren bat izan arte antza.
Armen erabilera defendatu zuen Europako Parlamentuaren aurrean
El Correo-k jaso duenez, Firearms United lobbyaren sortzaileetako bat da Alvarez, armen aldeko 30 bat elkarte batzen dituen erakunde bat, eta Espainiako Armaren Erakundeko zuzendaritzan ere aritu da. Voxen parte izan aurretik, Europako Parlamentuarengana modu tematian jo zuen 58 urteko bilbotarrak, armen erabilera defendatzeko. Zehazki, Bruselan errifle erdiautomatikoak, gaueko bisoreak, kalibre handiko kargagailuak eta bestelako arma batzuk debekatzeko saiakera gelditu zuela esan izan du harrokeriaz.
Bilboko Jesuitetan eta Deustuko Unibertsitatean egin zituen ikasketak Alvarezek, eta hainbat enpresatan aritu da Voxen hasi aurretik, Vocentoren arabera.