Marokon jazarritako militante sahararrei babesa ematetik urrun, haiek deportatzen ari da Espainiako Gobernua, abisuei entzungor eginda. Saharako kideek etenik gabe ohartarazi dute Marokon bizi duten arriskuaz: atxilotuak, torturatuak nahiz erailak izateko arriskuan daude han. Hala ere, haiek Espainiako Estatutik kanporatzen hasi da jadanik "historiako gobernurik aurrerakoiena".
Dozenaka sahararrek asteak daramatzate Madrilgo Barajasko aireportuan gatibu; hainbaten kasuan, hilabete baino gehiago. Miseriazko baldintzetan atxiki dituzte bertan, teorian, euren egoera aztertu eta babesa eman edo ez erabaki bitartean. Azkenean, badirudi Marokoren konplize izango dela Espainiako Barne Ministerioa, militante sahararrak deportatzen eta Marokoren esku uzten hasi baita.
Bi kide, atxilotuak dagoeneko
Espainiako Estatuan herrigabe izendatzeko eskaerak ukatuta, atzo deportatu zituzten Barajasen izandako hamasei saharar: 23:50ean irten zen haiek kanporatu zituen hegazkina, Marrakesh helmuga izanda. Horietatik bi atxilotu dituzte jadanik Marokoko agintaritzek; atxiloaldian torturak jasateko arriskuaren berri eman izan dute aurrez.
Une honetan, beste hamabost pertsona daude aireportuan preso, baina posible da haiek ere aste honetan bertan deportatzea Marokora. Zenbait iturriren arabera, datorren igandean izan daiteke, hegaldi berdin baten bidez.
Gose greba irailean
Irailaren amaieran gose greba bati ekin zioten Barajasen atxilo zeuden kide sahararrek, euren egoera salatzeko: ordurako asteak zeramatzaten gatibu aireportuan, baldintza negargarrietan eta osasungaitzetan. 30 lagun inguruk egin zuten protesta-ekintza.