ACTUALIDAD / Represión
Lizarrako Udalak txosnak desagerrarazi nahi dituela salatu du Festagirok
Jakinarazi du "udalaren errezeta" dela txosnei buruzko akordioak ekiditea eta Festagiro "ekonomikoki itotzea", nahiz eta ia 4.500 pertsona agertu diren txosnen alde sinadura-bilketa batean."UPNko udal hau azken garaiotako autoritarioena izatera pasatuko da gure memorian", seinalatu dute kolektibotik. Mobilizazio bat antolatu dute uztailaren 31rako.
2026eko uztailaren 19 - 07:52
Lizarrako Udalak txosnak desagerrarazi nahi dituela salatu du Festagirok

Lizarrako Festagiro kolektiboak agerraldi baten bidez salatu duenez, herriko txosnak desagerrarazi nahi ditu UPNren udal-gobernuak, eta arriskuan daude une honetan. "Udalak txosnak alboratu, bideraezinak egin, ikusezinak egin eta desagerrarazi nahi ditu. Haien logikapean, bere gauzak egiteko modua zalantzan jartzen duen gauza oro hil beharra dago", ohartarazi dute Festagiroko kideek. Gogorarazi dute 24.000 euroko isunak jarri dizkiela udalak Herri Ihauteriak eta Txosna Txikiak antolatzeagatik, eta horixe bera dela "udalaren errezeta": alegia, jaietako egitarauen inguruan "akordioetara iristeko borondaterik ez" erakustea, eta "Festagiro ekonomikoki itotzen" saiatzea, "prozesu judizialetan sartuz eta isunduz".

"UPNko udal hau azken garaiotako autoritarioena izatera pasatuko da gure memorian", agerraldian azaldu dutenez, eta uste dute egoerak agerian uzten duela instituzioak "burokrazia itogarrian" oinarritzen direla eta unean-une gobernuan dagoen alderdiaren "borondatearen menpe" daudela. "Egungo instituzioetatik aldendutako eredua da gurea, horiek gehiengoaren iritzia eta erabakitzeko gaitasuna deuseztatzen baitute", gaineratu dute.

Ia 4.500 lagun txosnen alde

"UPNren autoritarismoa ikusarazteko eta Lizarraldeko gehiengo handi bat txosnen alde dagoela erakusteko" asmoz, sinadura-bilketa bat jarri dute martxan berriki: 4.447 pertsonak babestu dituzte txosnak eta txosnen antolatzaileak. Datuek frogatzen dute, "Lizarraldean, Festagirori eta txosnei ematen zaien babesa eztabaidaezina dela".

Udalak txosnen aurka erabili duen argudioetako bat da "bateraezina" dela txosnek lekua partekatzea haurren aisialdirako gunearekin. Bada, horri buelta eman diote 1.425 gurasok, txosnen alde sinatu baitute, "bi guneak batera egotea ez dela inolaz ere arazoa frogatzeko".

Manifestazioa uztailaren 31n

Festagirok manifestazio batera deitu du uztailaren 31rako: arratsaldeko 18:00etan izango da mobilizazioa, Koroatze Plazatik hasita. "Baztertu, ikusezin bihurtu eta desagerrarazi nahi gaituzte. Horregatik, garrantzitsua da ostiralean kaleak hartzea eta jaiak herriarenak direla argi uztea, txosnak debekatzen badizkigute ere ezin izango gaituztelako mapatik ezabatu", seinalatu du.