ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/03 17:04

Martxoaren 3a da gaur, Gasteizko sarraskiaren urteurrena. 49 urte igaro dira "burgesiak [...] hiriko langile-mugimenduaren borroka independentearekin edozein preziotan amaitzea erabaki zuenetik"; ia mende erdia, hain justu, Espainiako Polizia Armatuak lan-baldintza hobeen eta askatasun politikoen alde borrokan ari ziren bost langile tiroz erail zituenetik. "Beste bost hildako gure aldean: Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia eta Bienvenido Pereda Moral", Gasteizko Kontseilu Sozialistak oroitarazi duenez. Eta gogora ekarri ditu Gasteizko erailketen ondorioz izan ziren protestetan polizia-indarrek Tarragonan eta Basaurin hildako beste bi langileak ere.

Urtero legez, urteurren honetan ere Zaramaga auzotik abiatu da 1976an eraildako langileak omentzeko eta justizia eskatzeko mobilizazioa, arratsaldeko 18:30ean, hainbat sindikatuk eta kolektibok deituta. Horren aurretik, azken urteetan izan den modura, ekimen gehiago ere egon dira urteurrenari lotuta, tartean, Gasteizko Kontseilu Sozialistaren hitzartze politikoa Burullerias Plazan. Hitzartzearen ostean abiatu da bertatik Mugimendu Sozialistaren blokea, Zaramagako monolitora hurbiltzeko eta aipatutako manifestaziora batzeko.

Mobilizazio nagusian milaka lagun elkartu dira beste urte batez, nahiz eta ibilbidea aldatu duten deitzaileek. Aurten ere handia izan da presentzia poliziala, eta Europa Jauregiaren parean tentsio-momentuak izan dira. Protestaren barruan, hainbat pertsonak botila batzuk jaurti eta zenbait kontainer atera dituzte bidera, eta kargatu egin du Ertzaintzak: furgoiak sartuta, modu bortitzean moztu du manifestazioa, zati bat deseginez eta ehunka pertsona korrika alde egitera behartuz. Horren ondorioz, ez dira guztiak heldu ibilbidearen bukaerara, Katedral Berrira.

Iaz gogor kargatu zuen Ertzaintzak Gasteizko erdigunean, besteak beste, foam jaurtigaiak erabiliz eta mobilizazioa bitan zatituz. Hainbat lagun zauritu eta atxilotu zituen.

49 urteren ondotik

Gaur arratsaldean Burulleriasen egindako hitzartzean, Kontseilu Sozialistak salatu du, ia 50 urteren ondoren, "enpresarien eta politikarien diktadura erabatekoa" dela: "Faxismoaren gorakada, gerraren normalizazioa eta sarraski telebisatuak, emakume langilearen kontrako bortizkeriaren gordintzea, langileriaren pobretzea eta abar". Eta, egoera horretan, Kontseiluak seinalatu du "gure salbatzaile modura aurkeztu diren ezkerreko alderdi politikoek esperantzara, pixkanakako aldaketa txikietara, inurri-lanera eta pragmatismora" dei egiten dutela.

Kontseiluaren esanetan, baina, "alderdi horien politiken inpotentzia" izan da "egoera erreakzionarioa hauspotu duena", eta "alderdi politiko horiek oligarkiaren programarekin duten subordinazioa erabatekoa" da. Horregatik nabarmendu du alderdi parlamentarioek ez dutela "proletariotzarentzako alternatiba errealik eskaintzen", eta "inoiz baino garrantzitsuagoa" dela "instituzioen fartsa salatzea eta langileriaren antolakuntza independentearen alde egitea".

Gaur egungo egoerari erreparatuta, Kontseiluak azpimarratu du "burgesiak nahi dituen neurri autoritario guztiak hartzen dituela, inolako kontra errealik gabe"; eta "despolitizazioaren eta desmobilizazioaren kultura hedatzen den neurrian, erraz aldatzen dituela paradigma orokorrak bere beharretara". Burgesiaren "despotismoaren galga", ordea, "masiboa eta independentea izango den langileriaren alderdia eraikitzea" izango dela aldarrikatu du Kontseiluak, "historian ere, langileriak hobekuntza ekonomiko eta politikoak lortu dituenean, botere propio horren mehatxuaren ondorio izan dela" gogorarazita.

Erronka: langileriaren botere independentea eraikitzea

"Hori dugu erronka, langileriaren boterea eraikitzea", laburbildu du Gasteizko Kontseilu Sozialistak. Horri lotuta, erreibindikatu du Martxoaren 3a "memoria iraultzailerako eguna" dela Gasteizko langileriarentzat, baita "langile-borroka independentearen beharra aldarrikatzeko eguna" ere. Izan ere, iritzi dio horixe dela "memoria-ariketarik kontsekuenteena": "Atzoko borroken esperientziak balio dezala gaur langile-antolakuntza hedatzeko. Balio dezala Martxoaren 3aren memoriak berdintasuna eta justizia soziala oinarritzat dituen langile-boterea eraikitzen jarraitzeko".

Kontseiluko kideen hitzetan, "gure egitekoa komunismoa berriro ere hegemoniko bilakatzea da, iraultza sozialista internazionalerako baldintzak jartzea". Eta gaineratu dute: "Oraindik ez gara ezer, baina potentzian dena gara. Lan asko dugu egiteko. Jarrai dezagun lanean".

NO HAY COMENTARIOS