ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Beñat Parra/Irutxuloko Hitza
2022/03/16 13:47

Etxe kaleratze bat izan da gaurkoan Ategorrietako hiribideko (Donostia, Gipuzkoa) 43. zenbakian. 11:15ak aldera gauzatu da Azora putre funtsak martxan jarritako kaleratze-prozesua, Ertzaintzaren parte-hartzearekin, Azorak hala eskatuta.  Indarrean zen kontratua amaitu dela argudiatuta, bi pertsona kanporatu dituzte haien etxebizitzatik; haietako bat, dena den, lanean zegoen hustearen unean.

Sarraila aldatu dute, eta momentu horretan etxean zegoen bizilagunari ez diote gauza guztiak jasotzeko eta ateratzeko aukerarik eman. Azaldu du ez duela inolako etxebizitza alternatibarik gaur egun. "Estoy en la puta calle, con mi perra y el carro", salatu du gaur, Naiz-ek jaso duenez.

Goizetik bertaratu dira Ategorrietara hainbat eta hainbat lagun, etxe kaleratzearen aurka protesta egiteko; Azorako Maizterrak, Stop Kaleratzeak eta Alokairu Benta Berri plataformek egin zuten deialdia. "Etxebizitza eskubidea" oihukatu dute, besteak beste, gaurko protestan.

Ertzaintzak atari ingurua hartu eta polizia-lerroa osatu du, eta protestan ari zirenak ataritik urrundu ditu indarrez. Kargak izan dira, borra-kolpeak medio. Pertsona bat atxilo eraman dute ertzainek, gainera.

Irutxuloko Hitza-k argitu duenez, Eneko Goia Donostiako alkateak esan du negoziazioak izan direla etxegabetu dituzten bi bizilagunen eta Azoraren artean, baina ez dela "adostasunik lortu" elkarrizketetan. Bitartekari lanak egin omen ditu Donostiako Udalak.

Beste hamar familia arriskuan

Stop Kaleratzeak plataformak jakinarazi du Azoraren etxebizitzetan bizi diren beste hamar familia daudela kaleratze arriskuan, haien kontratuak ere amaitzear daudelako. Putre funtsak %33 igo du errentaren kostua Donostian.

NO HAY COMENTARIOS