ACTUALIDAD / Itaia
Azken erailketa matxisten kontra mobilizatzera deitu du Itaiak
Bi hilketa eta hilketa saiakera bat izan dira Euskal Herrian azken hamar egunetan, eta Itaiak mobilizazioak antolatu ditu bost hiriburutan eta hainbat herritan. Matxismoaren aurkako borrokara batzeko eta kaleak hartzeko deia egin du.
2026eko apirilaren 13 - 07:59
Azken erailketa matxisten kontra mobilizatzera deitu du Itaiak

Albiste latzak utzi dituzte azken hamar egunek Euskal Herrian: erailketa matxista bana izan da Basaurin eta Iruñean, eta hilketa saiakera bat Berrizen. Apirilaren 1ean izan zen Basauriko erailketa eta joan den igande goizaldean Iruñekoa, Sanduzelai auzoan. Izan ere, berekiko urruntze-agindua urratu zuen gizonezko batengandik ihesi ari zela, eraikin bateko terrazatik erori eta bizia galdu zuen emakume batek. Hainbat informaziok diote labana bat zeramala erasotzaileak.

Azken hilketa matxistak gogor salatu ditu Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, eta datozen egunetan mobilizatzera deitu du Euskal Herri osoan. Besteak beste, bost hiriburutan egingo ditu mobilizazioak Itaiak: gaur arratsaldean Iruñean, Donostian, Gasteizen (18:30ean Udaletxe Plazan, Bulebarrean eta Correosen, hurrenez hurren) eta Bilbon (19:00etan Areatzan), eta asteazkenean Baionan, 18:30ean Merkatu Plazan. Euskal Herriko beste hainbat herritan ere antolatu ditu protestak.

Instituzioen babes-neurrien gabeziak

Azken erailketak ikusita, "instituzioen babes-neurrien mugak" seinalatu ditu Itaiak. Bai Sanduzelain bai Basaurin, urruntze-agindua urratu zuten bi erasotzaileek; are, Basaurin bere bikotekidea erail zuen hiltzaileak aurrekariak zituen indarkeria matxistagatik. Horrekin batera, "emakumeen aurkako indarkeria larriagotzen" ari dela salatu dute antolakundetik, ohartaraziz "matxismoa oraindik presente dagoela gizartean eta emakumeak emakume izate hutsagatik erailak" direla. 

Itaiak ezinbestekotzat dauka "matxismoa ukatzen duten diskurtso erreakzionarioei aurre egitea, "indarkeria matxista normalizatzen duen testuingurua sortzen dutelako eta, hala, emakumeen aurka egiteko erasotzaileen inpunitatea areagotzen dutelako". Gainera, berriz deitu du "matxismoaren aurkako borrokara batzera", hainbat eginkizun nabarmenduz: "eraso orori aurre egitea, erasotuak izan diren emakumeei beren bizitzekin jarraitzeko kalitatezko bizi-baldintzen alde egitea eta erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzea, gero eta jende gehiago indarkeria matxistaren aurka posizionatu dadin".