Lan-lerro berri bati ekin dio Kontseilu Sozialista Urola Erdiak (Gipuzkoa). Autodefentsa laborala lantzen hasi da, krisi ekonomiko globalak ekarritako proletarizazio prozesua aintzat hartuta, horrek eragindako "gaitasun ekonomikoaren murrizketa eta pobrezia zuzena" borrokatzeko. "Nahiz eta baliabide materialen oparotasunak gizartearentzat aberastasuna ekarri beharko lukeen, urritasun sozial eta miseria moral gero eta handiagoa dakar".
Kritika
horretatik abiatuta, sozialismoaren aldarrikapena egiteaz gain, "erantzun kolektiboaren eta langile batasunaren beharrezkotasuna"
nabarmendu dute Kontseilu Sozialistako kideek. "Pertsona guztientzako eskubide eta baldintza
berdinak aldarrikatu eta borrokatu nahi ditugu, burgesiarekiko indar
posizioak irabazten joan eta hau klase zapaltzaile gisa jo-puntuan
jartzeko", diote.
BULEGOA ETA FORMAKUNTZA SAIOAK
Azpeitiko Esklabak eraikineko 0. solairuko bulegoan jarri dute martxan aholkularitza laboralerako bulegoa; asteartero izango dira bertan, 17:00etatik 20:00etara. Hurbildu ezin duenarentzat, telefono zenbaki bat ere jarri dute eskuragarri: 611 641 367. Posta elektronikoa ere badute.
"Burgesiari
komeni zaio langileriak bere eskubide ekonomikoak ez ezagutzea,
bestela horiek betetzera behartuta egon daiteke", adierazi du Kontseilu Sozialistak ohar
batean. Egoera hori irauli asmoz, formakuntza laboralerako saioak ere prestatu ditu ekainerako; asteazkenetan izango dira, eskualdeko herri banatan. Zehazki, Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan egingo dituzte saioak, 18:00etan; lan-kontratu motak, nomina baten kontzeptuak eta lan-kaleratze baten aurrean egin beharrekoak aztertuko dituzte.