Ostiral honetan, otsailaren 7an, Israelgo Estatu terroristak kirol-munduan duen ordezkari nagusia izango da Gasteizen (Araba): Maccabi Tel Aviv saskibaloi-taldea. Iluntzeko 20:30ean jokatuko du Baskoniaren aurka, izan ere, Palestinarekin Elkartasuna plataformak hainbatetan eskatu dio klubari partida bertan behera uzteko, baina aurrera egitea erabaki du hark. Manifestu zorrotz baten bidez, saskibaloiko 40 taldek eta klubek, kirol-munduko 91 pertsona ezagunek eta Arabako 65 kolektibo sozialek eta politikok exijitu dute ez dadila partidua jokatu, salatuz estatu sionistak bere aurpegia zuritzeko erabiltzen dituela halako ekimen handiak, baina aldarriari entzungor egin dio Baskoniako zuzendaritzak.
Horiek horrela, mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak: Maccabi kanpora lelopean, manifestazio bat egingo du ostiral arratsaldean. 18:30ean hasiko da Gasteizko Iparralde gizarte-etxetik, eta babes zabala jasotzen ari da deialdia. Mobilizaziora bertaratzeko, autobusak eta kotxez joateko hitzorduak antolatzen ari dira hainbat hiritan eta herritan: autobusez joateko aukera egongo da Iruñetik (Nafarroa), Bilbotik (Bizkaia) eta Algortatik (Bizkaia), eta autoak partekatuko dituzte Donostian (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa) eta Zarautzen (Gipuzkoa), besteak beste.
Palestinaren aldeko aldarria
Aurreko ostegunean ere Gasteizko Fernando Buesa Arenan aritu zen Baskonia, eta Palestinaren aldeko aldarria zabaltzen aritu zen jende andana: informazio-eskuorriak eta Palestinaren banderak banatu zituzten, norgehiagokan zehar, palestinarrei elkartasuna adierazteko. Protesta-ekintza gelditzen saiatu ziren polizia-indarrak eta estadioko segurtasun-indar pribatuak: Ertzaintzak 32 pertsona identifikatu zituen propaganda egiteagatik, eta segurtasun-indarrek Buesa Arenako sarreretatik kanporatu zituzten. Hala ere, partidan ikusle ugarik atera zituzten Palestinaren banderak, eta presente egon ziren aldarriak.