Eibar-Gasteiz lineako autobus gidari batek eraso bat jasan zuen maiatzaren 8an, Soraluzen (Gipuzkoa) igo zen erabiltzaile baten partetik. ELA sindikatuak aditzera eman duenez, erabiltzailea "oihuka" sartu zen autobusean larunbat arratsaldean, "garraioaren zain 15 ordu" omen zeramatzala esanez. Beharginak, "lasaitzeko" esan eta "garaiz zetorrela" ziurtatu zion arren, "jarrera oldarkorra" izan zuen gizonezkoak, eta autobusean zeuden pertsonak iraindu zituen.
Geroz eta portaera
bortitzagoa zuela ikusita, poliziari dei egin zion gidariak.
Norabide
berdinean beste linea bateko ibilgailuak pasatu ahala, autobuseko
gainontzeko erabiltzaileak beste autobusen batera mugitzea erabaki zuen langileak,
berak gertakarien parte eman zezan. Orduan, erasotzaileak labana bat atera zuen,
eta "heriotza-mehatxuak" egin zizkion, baita haren familia
osoari ere.
Avanza Movilidad enpresako langile gipuzkoarrek elkarretaratzea egingo dute maiatzaren 14an Donostian (Gipuzkoa), 11:00etan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinaren aurrean. "Garraio publikoko langileek bizi duten egoera" salatuko dute han, "lanpostuetan segurtasun handiagoa eta gertatutakoa bezalako gertaerak saihesteko neurri egokiak har daitezela" eskatzearekin batera.