ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/09 11:06

125 beharginek jarduten dute soldatapean Amazonen Trapagarango (Bizkaia) logistika-lantokian (Bizkaia osoko banaketak eta Arabako, Gipuzkoako, Burgosko eta Kantabriako banaketa ugari hartzen ditu bere gain lantegi horrek), eta 2022ko azaroaren 28an egin zuten greba aurrenekoz. Miseriazko lan-baldintzei aurre egiten jarraitzen dute beharginek, eta baldintzak hobetzeko bidean zein hori ahalbidetu dezakeen itun baten alde, berriz jo dute grebara joan diren Gabonetan. Zehazki, lanuzteak egin dituzte abenduaren 17an eta 18an nahiz urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean, Eguberrietan izaten duten lan-karga handia grebarako eta protestarako probestuta.

Oraingoan ere, langileek protesta eta greba egiteko duten eskubidea urratu du Amazonek. Logistikako beharginak dira enpresak zuzenean kontratatzen dituen bakarrak (banaketa-lanetarako eta bestelako lanetarako plantilla azpikontratatuta dauka), eta horiexek dira, hain zuzen ere, greba egin dutenak. Dena den, langileen eskubideen kontra, berezko langile kopuruaren bikoitza kontratatu du Amazonek greba egunetarako. Manpower enpresaren bidez, behin-behineko 40 kontratazio egin ditu berriki Amazonek, Gabonetan logistikako grebalariak ordezkatzeko.

Hori gutxi balitz, Whatsapp eta posta elektroniko bidez mehatxu-mezuak jaso dituzte langileek. Mezu horietan, Amazonek esan zien haien kontrako zigor-prozedurak jarriko zituela martxan lanera joaten ez baziren.

Aurretik ere jasan behar izan dute enpresaren jarrera autoritarioa beharginek. 2022an, borrokari ekin ziotenean, protestak bertan behera utz zitzatela eskatu zien Amazonek, negoziatzera eser zitezen. Protestak gelditzea erabaki zuten orduan langileek, eta ordutik zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien arteko elkarrizketak izan diren arren, ez da inolako lorpenik eta aurrerapenik lortu momentuz. Langile batzordeak ELA eta LAB sindikatuekin egin ditu greba deialdiak.

Arriskua eta lan-baldintza penagarriak

Urtarrilaren hasieran izan diren haizeteen ondorioz, Trapagarango lantegiko teilatuaren zati bat hautsi egin zen hilaren 3an. Hori zela-eta, jarduna eten behar izan zuten zentroan egun horretan, baina ez luzerako: ahalik eta azkarren gutxieneko konponketa bat egin eta, hurrengo egunean bertan, jardunari berrekin nahi izan zion enpresak, langileen segurtasuna arriskuan jarrita. Amazonek kontratatutako ingeniariak berak esan zuen enpresak teilatua konpontzeko egindako lana ez zela nahikoa.

Trapagarango beharginek behin eta berriz salatu dute negargarriak direla Amazonek zuzenean kontratatutako langileen (logistikakoak) zein azpikontratatutakoen lan-baldintzak. Esaterako, soldata oso baxuak dituzte (gutxieneko atxikipena ezartzen diete nominetan, soldatak berez direnak baino altuagoak direla antzezteko), lanaldi luzeak, lanordu osagarri ugari, lan-erritmo altuak, eta abar luze bat.

Kontrol zorrotza

Gainera, logistikako langileen jarduna zorrotz kontrolatzen du enpresak, presioa egiteko: kameren eta bestelako teknologien bidez zelatatzen dituzte, hainbat nagusi kargu bidaltzen dituzte beharginei presioa egitera, eta abar. Amazonek azpikontratatutako banatzaileak ere zorrotz zelatatzen dituzte, eta, horretarako, jarraipen-gailu elektronikoak baliatzen dituzte. Azpikontratatutako enpresen bidez, exijitutako erritmoa bete ezin duten langileak kaleratzeko aukera du Amazonek. Presio hori guztia dela-eta, 12 ordurainoko lanaldiak egitera iristen dira banaketako langileak.

NO HAY COMENTARIOS