Aurreko bi urteetan, Arrasaten (Gipuzkoa) eta Bergaran (Gipuzkoa) izan dira Guda Zelaia jardunaldiak, Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak antolatuta. Bi edizioak izan dira, besteak beste, arteaz eta artearen sorkuntzaz hausnartzeko hitzorduak, baita zenbait arte arlotan aritzen diren kideentzako topaleku ere. Aurten ere helduko dio ekimen horri Kontseilu Sozialistak, eta Oñatira (Gipuzkoa) eramango du lehen aldiz.
Urtarrilaren 27an izango da hirugarren Guda Zelaia jardunaldia, goizetik hasi eta hurrengo goizaldera arte. Oraingoan, zinemagintzari, musikagintzari, umoregintzari, bertsogintzari nahiz antzerkigintzari egingo diote lekua.
Goizeko 11:00etan hasiko da egitaraua, Oñatiko Kultur Etxeko zinema aretoan: Aitor Arregi zine zuzendariak irekiko du eguna, zinemari buruzko solasaldi batekin. Horren ostean, 12:30ean hasita, Katarsia musika taldeak girotuko du Boga kanpoaldea. Bazkaltzeko aukera egongo da gero, 14:00ak aldera, Oñatiko Gaztetxean. Jakinarazi dutenez, bazkarirako tiketak salgai daude jada, Bogan. Bazkalostean, berriz, umoregintzaz gozatzeko aukera eongo da Gaztetxean bertan. Hainbat pertsona arituko dira horretan; hala nola, Asier K, Lide, Plaxa eta Manex.
Arratsaldean sartuta, emanaldi berri bat zuzenean eskainiko dute Oñatin sortutako plazan: antzezlan berri bat ekoitzi du Ekida Arte Ekimen Sozialistak, eta bertan eskainiko du aurreneko aldiz. 18:00etan estreinatuko dute Plaza hau gurea da izeneko lana, Ana aretoan.
Horren ondotik, bertso-poteo bati ekingo diote Oñatiko kaleetan zehar. 19:30etik aurrera, Maider Arregi, Aroa Arrizubieta eta Martin Abarrategi bertsolariak arituko dira kantuan. Azkenik, gauez, Gaztetxera eramango dute berriz Guda Zelaia: kontzertua eskainiko dute Katu eta Kaparrak taldeek, 22:00etan hasita.