ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / gipuzkoa.eus
2023/01/18 10:51

Gipuzkoako Foru Aldundiak astearte honetan onartu du N-1 eta A-15 autobideetan kamioientzako bidesariak martxan jartzea, hirugarrenez (gainontzeko bide azkarren erabileragatik kobratzen du jada). Sistema berriarekin, errepide horietako Gipuzkoako zatietan, 76 kilometroak izango dira ordainpekoak garraiolarientzat. 2016an nahiz 2018an ekin zioten Gipuzkoan kamioilariei bidesariak kobratzeari, baina EAEko Auzitegi Gorenaren epai bat tarteko, 2021ean eten behar izan zuen ordainketa hori Aldundiak.

Auzitegiak birritan utzi ditu bertan behera kamioientzako bidesari horiek, diskriminatzailetzat jota (kanpoko garraiolariei gehiago eragiten zietela argudiatuta) lehenengo aldian, eta Aldundiak sistemari egindako zuzenketak ez-nahikotzat jota bigarren aldian. Urtarrilaren 23tik aurrera, baina, berriz ordainaraziko dizkiete bidesariak kamioilariei, zenbait aldaketarekin.

Europako Batzordearen oniritziarekin, N-1 eta A-15 autobideek Gipuzkoan daukaten ibilbide osoa izango da ordainpekoa garraiolarientzat. Lehen, hemeretzi kilometro baino ez ziren ordainpekoak, baina ordaindu beharreko zatia handituta ekidin nahi du Aldundiak ordainketa-sistemari berriz ere diskriminatzailea izatea egoztea. Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2021ean onartu zuten neurri hori.

Aurrerantzean, beraz, ordainketa sistema telematiko bat izan beharko dute kamioiek. Zortzi arkupe egongo dira Gipuzkoako bi errepide horietan, eta azpitik igarotzean kobratuko dizkiete bidesariak garraiolariei, matrikulak identifikatzeko kameren bidez.

Izatez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurkako zenbait epai daude mahai gainean, 2018tik 2021era bitartean legez kontra bidesariak kobratzea leporatuta.

Antza, Nafarroan eta Bizkaian ere errepideen erabilera ordainarazi nahi diete ibilgailu astunetako gidariei. 2023a hastean sartu nahi zuen indarrean neurria Bizkaiko Foru Aldundiak, baina oraindik ez du zehaztu noiz jarriko dituen martxan ordainketak.

NO HAY COMENTARIOS