ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/08/06 22:30

Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak uztailaren 3an jakinarazi zuen eraikin bat birjabetu zutela Los Herran kalean. Orain, 30 pertsona inguru bizi dira han, sei etxetan banatuta. Hala, antolakuntza bidez, martxa hartu du langileon kontrolpeko guneak.

Esaterako, azken asteotan espazioa egokitzeko lanetan jardun dute bloke birjabetuan bizi diren pertsonek, Etxebizitza Sindikatuko kideek eta Ildo Sozialistako militanteek. Etxe guztietako komun eta sukaldeak erabilgarri egotea lortu dute, etxe batean izan ezik, gainontzeko guztietan egin baitute instalazio osoa. Gainera, abiatutako kanpainari esker, altzariak lortu eta eraman dituzte; besteak beste, sukaldeko tresneria, armairuak, mahaiak nahiz aulkiak.

Bestalde, blokean bizi diren lagunek asanbladak egiteari ekin diote, astero, "elkarbizitza antolatzea" helburu. Asanblada bidez lantzen dituzte, adibidez, espazioaren erabilera eta banaketa, elkarbizitzan sortu daitezkeen gatazken konponbidea, auzolanen antolakuntza, espazioaren garbiketa, espazioaren defentsa eta segurtasun neurriak, aisialdia eta abar.

SALAKETARIK EZ

Etxebizitza Sindikatuko kideek jakinarazi dutenez, oraindik ez dute, gunearen birjabetzearen harira, salaketa jakinarazpenik jaso. Familia bereko kideak dira blokearen legezko jabeak, eta Arabako hiriburuan jabego gehiago dituzte.

Uztailaren hasieran, birjabetzearen berri eman eta arratsalde horretan bertan, legez kanpoko desalojo saiakera salatu zuen sindikatuak.