ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Javier Blanco, Daniel Sanchez, Imanol Beloki eta David Tejera.
2025/01/17 10:52

Itxiera eta kaleratze iragarpen masiboek astindu zuten Euskal Herria 2024. urtea amaitzear zenean: Ezkirozko (Nafarroa) BSH, Altsasuko (Nafarroa) Sunsundegui... Gipuzkoako kostaldean ere harrotu zen giroa, jakinarazi baitzen borondatezko hartzekodunen konkurtsora jo duela herrialdeko ontziolarik handieneko zuzendaritzak, 100 urtetik gorako jardunaren ostean: Zumaiako (Gipuzkoa) Balenciaga ontziola, hain zuzen ere. Aldi baterako lan-erregulazioan daude gaur egun, kobratu gabe, eta aurrez aurre dituzten aldeek erakusten ez duten urgentzia batekin jasaten dute egoera.

Langileek GEDAR LANGILE KAZETAri azaldu diote gaur egun 71 direla plantillan, baina enpresak ehunka behargin azpikontratatzen dituela proiekturen bat martxan jartzen den bakoitzean. Normalean, 200 bat langile gehiago hartu izan dituzte lan bakoitzerako. Eta gainera, mordoa dira Balenciagaren menpe dauden enpresa laguntzaileetako eta hornidura-enpresetako langileak (600 hornitzaile inguruk egiten dute lan ontziolaren bueltan): haiei ere zuzenean eragiten die egoerak.

71 dira plantillan, baina enpresak ehunka behargin azpikontratatzen ditu proiekturen bat martxan jartzen den bakoitzean

2022ko abenduan nomina kobratu ondoren, Balenciagako zuzendaritzak plantillari adierazi zion "ez zegoela diru gehiagorik", eta ez zien argitu nola jasoko zuten soldata aurrerantzean: "Martxan genituen lanak amaitu behar genituela esan ziguten, eta lan horiek egitean sartuko zela dirua". Orduan hasi zen hain hari luzea ekarri duen gatazka, eta orduan ekin zioten langileek antolatzeari ere.

2022aren amaiera: ez-ordaintzeak eta langileen asanblada

Urte horren amaieran, asanbladan elkartu ziren plantilla osatzen zuten beharginak. Hiru ontzi eraikitzeko proiektuak abian ziren ordurako, eta hasieran, lan hori aurrera ateratzea erabaki zuten langileek: "Lan horiek egin genituen, kobratu gabe". Ez zuten soldata hilean-hilean jasotzen, hainbat hilabetean behin eta atzerapenekin baizik. Aldi batzuetan lau hilabeteraino itxaron behar izan dituzte soldata kobratzeko, baina hor jarri zuten gehienezko muga: "Esan genuen denbora gehiago igarotzen bagenuen kobratu gabe ez genuela lanean segituko. Azkenean, barne-mailan geratu ziren borroka horiek tartean, aurrera atera genuen lana eta hiru ontziak egin genituen".

Ez zuten soldata hilean-hilean jasotzen, hainbat hilabetean behin eta atzerapenekin baizik. Aldi batzuetan lau hilabeteraino itxaron behar izan dituzte

Beharginek ontziola hurrengo aldietarako prestatzen zuten bitartean, zuzendaritza bideragarritasun-plan bat antolatzen ari zen. Langileek jakin gabe, nagusiek 2024ko otsailean jo zuen hartzekodunen aurrekonkurtsora, baina iazko maiatz inguruan zehaztu zioten egoera plantillari. Ziurgabetasun egoera horretan, bi kontratu sinatu zituen zuzendaritzak, beste bi ontzi egiteko. "Horrek harritu egin ginduen, baina zuzendaritzak baieztatu zuen ontziak guk egitea nahi zuela konpainia batek. Are gehiago: guztira lau ontzi enkargatzeko aukera omen zegoen", jakinarazi dute langileek: "Bazirudien lana bazegoela, baina finantziazioa zela falta zena". Eta hain zuzen ere, finantziazio hori lortzea omen zen zuzendaritzaren planan zentralitatea zuena.

Epaileak ontzat eman zuen bideragarritasun-proposamen hori, baina Balenciagaren jabetzako bi ontziola saltzea barne hartzen du, eta hipotekatuta daude horiek: BBVAk dauka bat eta Espainiako Ekonomia Ministerioaren menpeko Cofidesek bestea. Baina kontua da, COVID-19aren ondorengo berreskuratze-funtsei lotuta, Espainiako Gobernuak milioika euro eman zizkiola garaian Balenciagari, eta zor hori duela oraindik. Aurrez enpresak, finantza-entitateek nahiz erakundeek egindako enpresa-operazio horiek guztiek, nolabait, kolokan jartzen dute gaur egungo aterabide posiblea: zorrak, zorra kitatzeko moduak, hipoteka altxatzeko aukerak eta abar. Kolokan jartzen dute zuzendaritzak aurkeztutako bideragarritasun-plana gauzatu daitekeen edo ez, eta finean, kolokan jarri dute langileen etorkizuna. "Errusiar erruletara ari dira jolasten", gaineratu dute.

Aurrez enpresak, finantza-entitateek nahiz erakundeek egindako enpresa-operazio horiek guztiek, nolabait, kolokan jartzen dute gaur egungo aterabide posiblea. [...] "Errusiar erruletara ari dira jolasten"

Enpresako zuzendaritzak bideragarritasun-planaren bueltan izandako negoziazioetan ez zen akordiorik egon, eta oraingoz, ez dago planik martxan. 2024ko abuztuan aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat (ERTE, gazteleraz) ezarri zioten plantillari, eta hala jarraitzen dute. Enpresak zor handiak ditu oraindik langileekin, eta ikusteke dago horiekin zer gertatuko den.

Itxieraren mamua, are errealagoa 2024aren bukaeran

Zuzendaritzak 2024ko azaroan esan zien langileei hartzekodunen konkurtsora joatea beste aukerarik ez zegoela, lehen aurrekonkurtsoa saihestu ondoren: "Esan ziguten ez zutela dirua lortu eta inbertitzaile bat behar zela derrigor. Orduan hasi ginen mugitzen eta mobilizatzen. Hasieran isilik egon ginen eta gure lanpostutik jardun genuen; lanean segitu genuen, ontziak egin genituen. Uste genuen laguntzaren bat etorriko zela horrela, baina ez da gertatu".

Milaka lagun mobilizatu ziren [Zumaian] azaroaren 29an, eta babesa nabaria da herrian. Gobernuetako ordezkaritzak haiekin biltzea horren guztiaren emaitza izan delakoan daude

2024aren bukaeran mobilizazioak egin zituzten langileek, bai Zumaian bertan bai Gasteizen (Araba). Azpimarratu dute jendetza batu zela Zumaiako manifestaziora: milaka lagun mobilizatu ziren azaroaren 29an, eta babesa nabaria da herrian. Gobernuetako ordezkaritzak haiekin biltzea horren guztiaren emaitza izan delakoan daude: "Gugana etorri badira, presioa izan dutelako da, eta langileok eta herriko jendea mobilizatu garelako gertatu da hori".

Karamelo bat

Azken hilabeteetan Eusko Jaurlaritzarekin nahiz Espainiako Gobernuarekin biltzea lortu dute, azkenekoz abenduaren 27an, baina ez da berririk beharginentzat. "Hitz onak bai, baina emaitzarik ez dugu ikusten", laburbildu dute: "Inplikazioa exijitzen diegu gure lanpostuekin aurrera egin ahal izateko, eta ez atzera egiteko". Gogorarazi dutenez, "lana badago, baina uzten diguten marjina gero eta txikiagoa da". Baina, gaur egungo euren lanpostuak mantentzeko premiaz gain, harago ere badoaz: "Gu lehenago edo beranduago jubilatuko gara, baina gazteak zer? Guretzat errazena litzateke zuzenean beste nonbaitera alde egitea, baina apustu bat egin genuen lanpostu horiek mantentzearen alde borroka egiteko. Etorkizunerako zerbait utzi nahi dugu Zumaian, atzetik datozenentzat. Gero eta lantegi gutxiago daude".

"Guretzat errazena litzateke zuzenean beste nonbaitera alde egitea, baina apustu bat egin genuen lanpostu horiek mantentzearen alde borroka egiteko. Etorkizunerako zerbait utzi nahi dugu Zumaian"

Beharginek susmatzen dute inbertitzaile posibleek nahiago dutela orain ontziola likidazioan sartzea: "Likidazioa baldin badator, gero beste izen batekin ireki ahal izango dute ontziola bera, baina diru gutxiago jarrita eta lan-baldintza txarragoekin. Mugimendu horrek aukera ematen dio inbertitzaileari dena merkeago ateratzeko". Hori izan daiteke bide posible bat, hortaz: "Ontziola ixtea eta berriz irekitzea, hurrengo inbertitzaileak gehiago irabazteko".

"Likidazioa baldin badator, gero beste izen batekin ireki ahal izango dute ontziola bera, baina diru gutxiago jarrita eta lan-baldintza txarragoekin"

Espainiako Gobernuak iradoki omen die "estrategikoa" dela Zumaiako lantegia, "karamelo bat" beharginen hitzetan, haiek ziurgabetasunean murgilduta dauden bitartean. "Atzetik bideren bat markatuta baldin badaukate haiek jakingo dute, baina guk ez. Denborak esango digu hori", hausnartu dute. Datorrenari kezkaz eta nekez begiratzen badiote ere, garbi dute: "Mugitzeko aukera da daukagun bakarra, eta borroka egingo dugu amaierara arte. Eta gertatutakoa zabaltzean eta gazteek babesa ematean datza gure indarra". Beraz, beste lantegi batzuetan borrokan ari diren langileak gogoan (gaur esaterako Altsasun izan dira, Sunsundeguiren itxieraren kontrako mobilizazioan), euren lanpostuen defentsan jarraituko dute Balenciagako langileek.

NO HAY COMENTARIOS