Ekida Arte Ekimen Sozialistak lehenengo aldiz antolatu du aurten Arte Eskola Sozialista, helburu argi batekin: "Borondate politiko iraultzaileko artisten elkargunea izatea [...], gaitasun artistikoen garapena sustatzeko, jakintza eta motibazio politikoarekin erabat lotuta".
Oraingoan, lau eguneko jardunaldi bat izango da Arte Eskola Sozialista, eta bi diziplinatan eskainiko dituzte formakuntza-programak Ekidako kideek: arte eszeniko eta antzerkian, batetik, eta muralismo eta arte bisualetan, bestetik.
Donostiako (Gipuzkoa) Zentro Sozialistan izango da jardunaldia, eta atzo arratsaldean eman zioten hasiera egitarauari. Taktika kulturala, taktika artistikoa eta estrategia sozialista lantzeko seminario orokor bat egin zuten eskolako lehenengo egunean, eta arte eszenikoetara eta muralismora hurbilpen tailer bana ere egin zuten.
Gaur, ostegunean, egun osoan zehar izango dira seminarioak eta tailerrak. Mugimendu Sozialistaren oinarri politikoei buruzko seminario orokor bat egin dute goizean, eta diziplinaka banatuta izango dira gainerako saio guztiak.
Arte eszenikoei eta antzerkiari buruzko lerroari dagokionez, aktore-entrenamendu bat, gorputz-adierazpena lantzeko tailer bat eta ahotsa eta dizkioa lantzeko tailer bat egingo dituzte gaurkoan.
Muralismoari eta arte bisualari buruzko lerroan, berriz, hainbat auziri helduko diete ostegun honetan: muralismoa tradizio sozialistan, eta sozialismoaren sinbologia eta iruditeria, besteak beste.
Hemen ikus daiteke egun bakoitzeko egitaraua, tailerretako eta seminarioetako ordu eta toki zehatzekin.