ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/04 09:12

1976an Espainiako Poliziak eraildako langileak oroitzeko mobilizazioan, modu basatian jo dute manifestarien kontra polizia-indarrek. Oraingoan, Ertzaintza izan da Gasteizko (Araba) sarraskian eraildako langileen oroimena eta horri loturiko aldarri guztiak jazarri nahi izan dituena. Ohi bezala, Zaramaga auzotik irten zen manifestazioa eguerdian, milaka lagunen parte-hartzearekin: erdigunera iristean oldartu zen Ertzaintza.

Borrak, foam jaurtigaiak nahiz gomazko pilotak erabili zituzten manifestarien kontra polizia-agenteek. Dozenaka pertsona zauritu zituzten, borra-kolpeka gehienak. Foam jaurtigai batekin jota, emakume bat aurpegian zauritu zutela ere jakinarazi zuten hainbat iturrik, eta polizia-furgoneta bat baliatuta zauritu zuten beste pertsona bat, Gasteizko Kontseilu Sozialistak azaldu zuenez: lurrean zegoela, furgonetarekin gainetik igaro eta nahita zanpatu zioten hanka ertzainek.

Hainbatetan izan ziren kargak, eta horietan, gainera, gutxienez hiru pertsona eraman zituen atxilo Ertzaintzak. Itxura denez, "desordena publikoak" eragitea eta agenteei eraso egitea leporatu zieten. Hainbat pertsona bertaratu ziren Lakuako polizia-etxera, atxilotuei babesa ematera eta aske utz zitzatela exijitzera. Orduan ere euren aurka jo zuen Poliziak: karga gehiago izan ziren, eta beste lagun bat atxilotu zuten ertzainek.

Lau atxilotuak egun osoan izan zituzten polizia-etxean gatibu, eta gaueko azken orduan utzi zituzten aske, 22:30ak aldera.

NO HAY COMENTARIOS