ACTUALIDAD / Educación

Atzo arratsaldean, mobilizazioekin jarraitu zuten Baionako hezkuntzan

Beste protesta-egun bat izan zen atzokoa, eta ikasleak nahiz irakasleak mobilizatu ziren. Arratsaldean, intersindikalaren manifestaldian, bi eserialdi egin zituzten 300 bat lagunek. Datorren larunbata gorriz markatutako egun bat izango da.
2026eko urriaren 14 - 06:23
Atzo arratsaldean, mobilizazioekin jarraitu zuten Baionako hezkuntzan

Hezkuntzako mobilizazioen barruan, Bosgarren Ekinaldia izan zen atzo Frantziako Estatuan (200 bat zentro itxi zituzten denera), eta Ipar Euskal Herrian ere egin zituzten protestak ikasleek eta irakasleek. Lapurdin, goizean, ehunka ikasle batu ziren Angeluko Cantau ikastetxetik Baionara antolatutako manifestaziora, Etxepareko ikasleria barne. Ratioak jaistea, azpiegitura zaharberritzea, euskaraz ikasi eta lan egiteko eskubidea bermatzea eta ikasketa-ordutegiak arintzea eskatu zuten, eta polizia-indarkeriaren aurkako aldarriak ere presente egon ziren oso. Presentzia poliziala handia izan zen, eta grebalariak Baionako Louis de Foix ikastetxera iristean, hainbat ikasle atxiki eta miatu zituen Poliziak.

Arratsalderako, intersindikalak (CGT, CfDt, FSU, LAB, snFOlc, Éducation Sud, UNSa Éducation eta Fype) zeukan protesta bat deitua Baionan: 17:30 aldera hasi zen elkarretaratzea Herriko Etxearen aitzinean, eta ikasle gehiago batu ahala, manifestaldi bati ekin zioten Léon Bonnat eta Paulmy etorbideetatik, San Leon biribilgunerantz; trafikoa eten zuten manifestariek. André Grimard etorbideruntz jarraitu ondotik, eserialdia egin zuten zubian 300 bat lagunek. Poliziaren, autoritarismoaren, eta hezkuntza arloko hobekuntzen aldeko oihuak izan ziren nagusi.

C. Resplandy etorbidearen eta Ravignan kalearen arteko bidegurutzean beste geldialdi bat egin eta gero, bigarren eserialdi bat izan zen Saint Espirit zubian, eta iluntzean eman zuten amaitutzat protesta. 

Azken asteetan, ehunka milaka ikasle eta langile ari dira mobilizatzen hezkuntzan hobekuntzak exijitzeko, ehunka institutu ixtera behartuz. Frantziako Gobernuak bigarren hezkuntzako zentro andana ixteko eta 3.000 ordezko irakasle mobilizatzeko erabakia hartu behar izan du, eta milaka eta milaka pertsona zapaldu eta atxilotu ditu Poliziak protestetan, gehienak adingabeak. Atzoko mobilizazio-egunaren ondotik eta udazkeneko oporraldiaren atarian egonik, indarra hartzen ari da datorren larunbatean mobilizatzeko deia: bai Frantziako Estatuko iparraldeko hiriguneetan, bai Ipar Euskal Herrian.