Right to Health fundazioak pertsona migranteek jasaten dituzten osasun-arazoak aztertu ditu berriki. Salatu duenez, Europar Batasuna da migratzaileekiko neurri baztertzaileen buru, "Europa indartsuaren" paradigma bat ezartzen duela iritzita, sekuritizazioan eta kanporatzean oinarritutako migrazio-politikekin. Horren bidez, fundazioak kritikatzen duenez, Europako estatuen azken geografikoetatik kanpo kokatzen dituzte mugak, eta itzulera beroak, atxiloketak eta deportazioak baliatzen dituzte.
Ustezko disuasio-politika gisa inposatzen dituzte neurri horiek, eta ez dituzte oinarrizko giza-eskubideak errespetatzen, txostenean seinalatzen denez. Politika horien bidez, gainera, pertsona migranteak kriminalizatzen dituztela iritzi dio, eta "geroz eta arriskutsuagoak diren bidaiak abiatzera behartzen" dituztela. "Migrazio-politika baztertzaileek, mugako biolentzia fisikoak, deportazioek" eta abarrek "gertaera traumatikoak sortzen" dituzte pertsona migratuentzat, eta haien "osasun mentala kaltetzen" dute, aipatutako erakundearen esanetan.
Atxiloketek epe luzerako kaltetzen dute osasuna
Migratzen duten pertsonen atxiloketa "errealitate global bat" da, aipatutako txostenak azpimarratzen duenez, eta pertsona migratzaileentzako 2.300 atxikitze-zentro daude mundu osoan. Europan soilik, urtean 100.000 lagun atxilotzen dituzte migrazio-bideetan. Joera, gainera, gorakorra da: 2009tik, "atxiloketen erabilerak gora egin du, eta 2015etik aurrera biziagotu egin da". "Sarrera ukatzeko, deportazio-prozesuak abiatzeko edo asilo-prozeduretan" izaten dira atxiloketak.
Europan atxilotutako pertsona migranteen artean, %72k izaten dituzte osasun-arazoak hurrengo lau hilabeteetan, azterketaren arabera. Epe luzean ere kalte nabarmenak aurkitu dituzte ikertzaileek: atxilotuen %70ek omen dituzte "eguneroko jarduerak eragozten dizkieten sintoma somatikoak".
Atxiloaldiek, hemezortzi egun baino gutxiago iraun arren, buruko osasunean kalteak sortzen dizkiete atxikitako lagunei. Depresioa, antsietatea eta trauma osteko estresaren nahasmendua (TOEN) eragiten dituzte atxiloketek.
Espainiako Estatuan, atxilotutako migranteen %70ek antsietatea edota depresioa izan dituzte
Ofizialki, migratutako pertsonak atxilo edukitzeko zazpi zentro (CIE, gaztelerazko sigletan) daude Espainiako Estatuan, eta horietatik igaro diren lagunen osasun mentala aztertu dute aipatutako ikertzaileek. Jakinarazi dutenez, Atzerritartasun Legeak atxiloketa prebentiboa errazten du besteak beste, gerora, kanporaketa-agindua ezartzeko.
Ikerketak ondorioztatu du atxikitze-zentroetako migranteen %70ek dituztela antsietate- eta depresio-sintomak, eta, hori ez ezik, %20k beren burua zauritu dutela inoiz. Aipatutako sintomatologia, azpimarratzen dutenez, atxiloketari hertsiki lotuta dago.