Gasteizen (Araba), indarkeria matxistari lotutako lau eraso atera dira argitara azken egunetan. Larunbat goizetik igande goizaldera bitartean izan ziren eraso guztiak. Larunbatean, batetik, emakume bati eraso zion bere bikotekideak Aranako etxebizitza batean. 40 urte ditu gizonak. Igande goizaldean, bestetik, 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuten auzo berdinean, bere alabari eraso egiteagatik. Etxean izan zen eraso hori ere.
Beste emakume bati ere bere mutil lagunak egin zion eraso; San Martin auzoan, hain zuzen ere. Auto baten barruan zeudela eraso zion emakumeari 28 urteko gizonak.
Bestalde, larunbatean, laugarren emakume bati eraso zion 20 urteko gizon batek. Salburuako kale batean emakumearengana jo zuen gizonak, eta ukituak egin zizkion, modu bortitzean. Gero, ihes egin zuen.
Horretaz gain, asteburuan bikote bat atxilotu zuten Arabako hiriburuan; zehazki, 34 urteko gizon bat eta 30 urteko emakume bat. Eztabaida baten erdian, elkarri eraso zioten biek.