ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / En Jake-ren bidez
2025/11/18 08:33

Atzo hasi zen Gasteizko (Araba) Askabide klinikaren aurrean abortuaren kontra mobilizatu ziren 21 jazarleren kontrako epaiketa, duela hiru urteko protesten harira. 27 lekukok deklaratu zuten atzo, eta abortuaren aurkako manifestariek etengabeko presioa egiten zutela azaldu zuten. Zentroko gerenteak jakinarazi zuen, adibidez, "etengabea" zela antiabortisten presioa, eta behin eta berriz elkarretaratzen zirela klinikaren parean.

Izan ere, urtean bi aldiz, 40 egunez jarraian egiten dituzte kontzentrazioak, haurdunaldia etetera doazen pertsonak nahiz klinikako langileak jazartzeko. Abortuaren aurkako mezuak eta arrosarioak eskuetan, ozen errezatzen dute manifestariek euren elkarretaratzeetan. "Astakeriak esateko errezoak erabiltzen dituzte", zioen gerenteak epaiketan. Langile batzuei "Hiltzaile" oihukatzen zieten auzitara eramandako mobilizazioetan, eta haurdunaldia etetera zihoazen emakumeei "Kontuz, zure haurra hiltzera zoaz" eta antzekoak esaten zizkieten, EITBk jaso duenez.

Akusatuek gaur deklaratuko dute. Derrigortze-delituak leporatzen dizkiete, abortatzeko eskubidea eta klinikako beharginen jarduera oztopatzeagatik, eta bost hilabeteko espetxe-zigorrak eta "gizartearentzako 100 eguneko lanak" eskatzen dituzte haientzat. Dena den, atzo deklaratu zuten polizia-agenteekere lekuko modura, bai udaltzainek bai ertzainek, eta esan zuten "baketsuak" izan zirela abortuaren aurkako protestak. Gaineratu zuten manifestariak otoitz egiten ari zirela eta zeramatzaten karteletako mezuak ez zirela "irain mingarri zuzenak". Gaur eta bihar jarraituko du epaiketak.

Askabide aurkeztu da akusazio partikular gisara. Zentroko gerenteak salaketa jarri zuenean, urruntze-aginduak sartu zituen indarrean epaile batek, eta gaur egun, klinikatik aldenduago dagoen plaza batean egiten dituzte kontzentrazioak antiabortistek.

Abortuaren kontrako elkarretaratzeak ez dira Gasteizen soilik izaten, hala ere: Donostiako (Gipuzkoa) Askabide ere badute jopuntuan. Azken urteetan, antiabortistei aurre egin diete hainbat eta hainbat pertsonak, kontramobilizazioen bidez. Donostian, adibidez, abortuaren aurkakoei aurre egin zien Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak joan den martxoan, jazarpen-protestekin berriz hasi zirenean.

NO HAY COMENTARIOS