ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / erran.eus
2024/12/03 09:42

Igandean Elizondon (Nafarroa) egin zuten agerraldi bat Mendialdeko Etxebizitza Taldeak (META) eta Baztanen Bizi Nahi Dugu plataformak, Arizkunen (Nafarroa) bizi den familia baten egoera azaltzeko. Jakinarazi zuten putre-funts batek bere etxetik kanporatu nahi duela familia, tartean bi pertsona adingabe, "irabazi ekonomiko hutsetarako". Azken bi hilabeteetan "denbora irabaztea" lortu dute, baina arriskuan jarraitzen du sendiak, etxegabetzeak "aurrera segitzen" baitu.

Familiari presioa egin diote banku batek eta putre-funtsak, Arizkungo bere etxetik alde egin dezan: "Akordio estrajudizial batera iristeko presionatuak izan dira etxebizitza utzi dezaten, miseriazko lau sosen truke". Diru horrekin, baina, familiak ez dauka etxebizitza bat lortzeko aukerarik, eta bizitoki-alternatibarik gabe dago une honetan.

Ez da kasu bakarra

METAk eta Baztanen Bizi Nahi Duguk ohartarazi zutenez, honakoa "ez da izango seguruenik Baztango etxegabetze kasu bakarra, ez azkena". "Bizitzaren garestitzea orokortua den honetan, geroz eta gehiago dira beren bizi-baldintza oinarrizkoenak ere ukatuak dituztenak, eta hoien artean dira, noski, etxebizitza-merkatutik bortxaz kanporatuak direnak", gaineratu zuten. Alde batean etxebizitzaren negozioak "irabazi handiak sortzen" dituen bitartean, beste aldean "langileriaren geruza geroz eta zabalagoen pobretzea bizkortzen" ari dela seinalatu zuten.

"Etxebizitza merkatu-ondasuna den bitartean, ez da eskubide unibertsal, doakoa eta kalitatezkoa izanen. Eta badakigu, hortaz, negozioa akitu gabe ez direla etxegabetzeak akituko", aldarrikatu zuten agerraldian. Etxe-kaleratzeen aurka mobilizatzea "behar-beharrezkotzat" jo zuten, eta abenduaren 14an Bilbon (Bizkaia) izango den manifestaziora batzera deitu. Euskal Herriko etxebizitza sindikatu guztiek egin dute mobilizazio deialdi hori: 13:00etan hasiko da, Moyuatik.

NO HAY COMENTARIOS