ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/01/11 18:48


[Arteka aldizkariak 2020ko irailean argitaratutako erreportajea]

Erradiografia honen aurreneko urrats modura, herrialde bakoitzeko batez besteko soldatari erreparatu diezaiokegu. Europarrak dira mundu mailako rankingean kopuru altuenak dituzten lehen hiru estatuak. Hori bai, gogoan izan behar da presio fiskal baxua eta oso biztanleria murritza izateak ezaugarritzen dituela herrialde horiek: Suitza, Monako eta Luxenburgo dira, hurrenez hurren. Ez dute ia ehun produktiborik, eta kontinente zaharreko nahiz munduko potentzia industrialen eta multinazionalen finantza sostengua izatean oinarritzen da euren ekonomia.

Rankingean apur bat behera eginda, oraindik zifra aski altuekin, Singapur, AEBak eta Danimarka ikus ditzakegu. Geografikoki elkarrengandik aldendutako herrialdeak hirurak. Ekialde urruneko paradisu fiskal eta kokagune logistiko estrategikoa da bata, potentzia ekonomiko zein militar globala bigarrena, eta hirugarrena, berriz, Europako energia ekoizpenean, elikagaien esportazioan eta puntako industria teknologiko espezializatuan nabarmentzen da. Hori ez ezik, bere kontrolpean ditu Feroe Uharteak eta Groenlandia, non arrantzarako aukera oparoa dagoen, eta hein batean, hidrokarburoen erauzketa ere bai.

Qatarrek, Norvegiak eta Islandiak jarraitzen diete atzetik. Qatar petrolioaren eta gasaren esportazioan nagusitzen da, baina hori ez ezik, haren legedia laborala Europan XIX. mende hasieran zegoenaren parekoa dela esan beharra dago, eta lan-indarraren zati esanguratsua osatzen duen langileria migrantea, bereziki, ia esklabotza-baldintzetan aritzen dela esan daiteke. Kasu horrek erakusten digu batez besteko soldata maila oso adierazgarri lausoa dela herrialde bakoitzeko barne-egoeraren irudi objektibo bat izateko, eta datu hori bestelako aldagai batzuekin gurutzatu beharko litzatekeela apur bat ikuspegi osatuagoa lortzeko.

Izatez, guztiz bestelako egoera aurki daiteke zerrendan jarraitzen dion Norvegian, adibidez. Herrialde eskandinaviarrak askoz bizi-baldintza oparoagoak ditu, klase ertain zabal batekin. Estatuak petrolioaren eta energia hidroelektrikoaren industrietan duen esku-hartzea dela eta, Ongizate Estatuaren oinarriei nahiko sendo eutsi diezaieke oraindik. Bestalde, gauza jakina da erosteko ahalmen handiagoa dutela soldatapeko langile norvegiarrek Qatarrekoek baino, azken horretan desberdintasun sozialak askoz bortitzagoak baitira. Hori guztia ezkutatzen du batez besteko soldataren zifra nominalak. Jarraian, Islandia ageri da, hori ere populazio baxukoa, energia ekoizpenean puntakoa eta arrantzaren industria garrantzitsuarekin

Ondorengo herrialdeen artean aipatutako ezaugarriak errepikatzen dira: Australia, Hong Kong, Herbehereak, Japonia, Suedia, Arabiar Emirerri Batuak, Alemania, Irlanda, Finlandia, Kanada eta Zeelanda Berria. Alemaniaren kasuan, potentzia industrial historikoa eta esportatzaile nabarmena da, baina lehen blokeko herrialde gehienetan bezala, hirugarren sektoreak osatzen du ekonomiaren zati garrantzitsuena

Gainera, rankingeko lehen postuetan dauden 20 herrialde horiek badute beste ezaugarri bat amankomunean: ia gehienak NATOko kideak, NATOren aliatu globalak, AEBekin bigarren mailako defentsa akordioa dutenak edo faktikoki mendebaldeko bloke inperialistaren interes militarrak babesten dituzten herrialdeak direla

Bigarren blokeari erreparatuta, 21-50. postuetan, lehiakortasun baxuagoko potentzia industrialak, paradisu fiskal txikiagoak, helburu turistiko garrantzitsuak edota lehengai estrategikoak dituzten herrialdeak ikus ditzakegu. Horietako zenbait aipatzearren: Erresuma Batua, Israel, Hego Korea, Frantzia, Belgika, Austria, Andorra, Kuwait, Saudi Arabia, Oman, Italia, Espainia, Taiwan, etab. Hemen ere aliantza militarraren korrelazioa mantentzen da, nazioarteko gatazketan mendebaldeko bloke inperialistarekin argi eta garbi lerrokatzen baita herrialdeon gehiengoa.

Azkenik, batez besteko soldaten rankingaren amaieran, Afrika, Asia eta Hego Amerikako herrialdeak gailentzen dira, Europako ekonomia ahulenak tarteko. Iragan koloniala, ekoizpen indarren garapen urriagoa, lehengaien ustiapen intentsiboa, lan-indarraren gaineko esplotazio basatiagoa, gerra zibilen presentzia, nazioarteko burgesia monopolisten esku-hartzea, emigrazioa eta lan-legedia lausoagoak dira nagusi bertan. Hori ez ezik, herrialdeotan ertain klasea delako blokea ia ez da existitzen. Jabego pribatua babestu, lan-indarra otzan mantendu eta berau nazioarteko burgesia monopolistaren mesedera esplotagarri jartzen duten sektore sozialak (lur-jabeak, funtzionarioak, militarrak, etab.) daude alde batetik, eta desjabetutako masa zabalak bestetik.


GORRIZ TINDATUTAKO OIHALAK

Nabarmena da lan- eta bizi-baldintza latzenak nagusitzen diren herrialde horietan hedatu direla gehien hainbat sektore; hain zuzen, lehengai merkeen ekoizpena edota industriaren faserik sinpleenetako batzuk, oinarrizko industria delakoa. Horren adibide da ehungintza sektorea.

Munduko Merkataritza Erakundearen definizioaren arabera, bi aurpegi ditu ehungintzak: batetik, «industria intentsiboa» da «lanari dagokionez» eta «soldata baxuak» ditu, baina bestetik, «sektore berritzaile» bat da. Ardatz modura hartzen dugun «merkatuaren segmentuaren arabera», aurpegi bat edo bestea islatu daitekeela dio MMEk. «Kalitate handiko modaren merkatuan, industriak ezaugarri hauek ditu: teknologia modernoa, langileak eta ondo ordaindutako diseinatzaileak, eta malgutasun-maila handia».

Ehungintzaren sektorea aztertuta, firma ezagun askok ez daukate joste-tailer bakar bat bera ere, edo ez modu zuzenean, behintzat. Diseinuaz eta banaketaz arduratzen dira, baina azpikontratatutako enpresen esku uzten dute ekoizpena bera, non soldatak baxuagoak diren eta, orokorrean, lan-baldintzak gogorragoak diren. Ohartarazi izan duten modura, gaur egun, ehungintza da, beharbada, sistema ekonomiko kapitalistako ekoizpenaren egitura modu grafikoenean erakusten duen sektorea. Lehengaiak Asiako hego-ekialdera, Indiara nahiz Marokora eramaten dira, joste-tailerretan langileek (askotan emakumeak, Kanbodiaren kasuan, %90) janzkiak ekoitzi ditzaten, baldintza latzetan. Gero, nazioarteko firma handiek eskuratzen dituzte arropa horiek, Parisen, Milanen edota New Yorken erakusteko eta saltzeko. Fabrikak, josteko makinak, esku urratuak eta hautsa mutur batean, eta erakusleihoak, denda argitsuak eta distira beste muturrean. Elkarri lotuta. Halako argazkiak ahalbidetzen ditu ekoizpenak jarraitzen duen mundu mailako antolaketak.

Asian kokatzen da mundu mailako arropa ekoizpenaren %60, nagusiki, Asiako hego-ekialdean. Nabarmentzekoak dira, esaterako, Bangladesh edota Kanbodia (2018ko datuen arabera, azkeneko horretan 700.000 lagunek egiten dute soldatapean lan ehungintzan). 247 eurokoa da batez besteko soldata Bangladeshen, eta 181 eurokoa Kanbodian. Bangladesh irudiztatu nahi badugu, ezin ahaztu Rana Plazako sarraskia: milatik gora hildako eta milatik gora zauritu izan ziren ehungintza sektoreko hainbat tailerri leku ematen zien eraikina behera etorri zenean, 2013an. Oihartzun handia izan zuten ezbehar horren ostean Kanbodian eta Bangladeshen langileek egindako mobilizazio jendetsuek. Lan-baldintzak hobetzea eta soldatak igotzea aldarrikatzen zuten.

Indiaren kasua ere marraz markatu dute askotan. Ezaguna da bertan indarrean den Sumangali sistema: horren bidez, gazteek (adingabeak sarri) 3-5 urtez jarduten dute joste-tailerretan, gero dotea delakoa ordaindu ahal izateko. Astean 60 orduraino egiten dituzte lanean. Haurren lana da sektore honen aurpegi gordinenetakoa, eta ez soilik joste-fasean: algodoiaren ekoizpenean nahiz oihalen sortzean atzeman dezakegu begiz haurren presentzia. India, Uzbekistan, Txina, Bangladesh, Egipto, Tailandia eta Pakistan dira ehungintzan umeen presentzia handiena duten herrialdeak, eta nabarmentzekoak dira Argentina, Brasil eta Kanbodia ere.

Asia sektorean jaun eta jabe izan arren, azken urteetan han izan den soldaten igoerarekin batera, pixkanaka, Afrikara ere mugitu dute arroparen ekoizpena. Adibidez, Etiopia eta Sudafrika jo dituzte begiz. Hego Amerikan ere badu bere garrantzia sektoreak: Argentinan, beltzean jarduten duten langileen %78k dihardu ehungintzan.

Joste-makina zaratatsuen aurretik, gainera, izaten dira beste hainbat funtsezko urrats ekoizpenaren katean, itzalpean geratzen direnak. Besteak beste, azpimarragarria da kotoiaren ekoizpena. Txina eta India dira kotoi ekoizle nagusiak, eta atzetik jarraitzen diete AEBek, Pakistanek eta Brasilek.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen (International Labour Organization) arabera, mundu mailan, 21 milioi pertsonak egiten dute lan «nahitaezko lan-baldintzetan», eta «esklabotza modernoaren» inguruan ere hitz egin da. Ehungintza eta nekazaritzaren sektorea dira horren bi adibide. Azter ditzagun, bada, nekazaritzaren munduan azalera irten diren zenbait gertaera, bertan gertatzen denaren hurbilketa bat egiteko.


MISERIA EREITEN

Lehen begiratuan lan- eta bizi-baldintza hobeak dituzten herrialdeetan ere sostengatzen dira ekoizpenaren sektore primarioak. Adibide modura, heldu diezaiegun Espainiako Estatuko hainbat nekazaritza jarduerari, non pisu berezia duen beste herrialde batzuetatik mugitzen den lan-indarrak.

Huelvako marrubiak, Murtziako mertxikak… Udaberri aldera ekiten diote toki ugaritan zenbait uzta biltzeari, eta nonahi ikus daitezke beste herrialde batzuetatik lan horiek egitera bertaratzen diren sasoikako langileak. Landako Langileen Sindikatuaren (Sindicato de Obreros del Campo) arabera, Huelvako marrubien biltzean 55.000 jornalari inguruk jarduten dute lanean. Andaluziarrez gain, baina, asko izan ohi dira Europa ekialdetik (Polonia, Errumania edo Bulgaria) nahiz Afrikatik (Maroko, Mauritania, Argelia edo Senegal) lanera joaten diren lagunak, zenbait, paperik gabe.

Esanguratsua da, esaterako, aurten Huelvako marrubi uzta kolokan geratu izana, pandemiaren eraginez mugak itxita zeudelako eta sasoikako langile gisa deituta zeuden milaka lagunek ezin izan zutelako Huelvara joan, Newtral atariak jaso zuenez. Luis Planas Espainiako Nekazaritza ministroaren arabera, guztira 100.000 eta 150.000 langile artean dira Afrikako iparraldetik eta Europa ekialdetik Espainiako Estatura mugitzen diren pertsonak, askotariko uzten biltzean soldatapean aritzeko.

Ekar dezagun gogora Alemanian alarma-egoerari lotutako neurriak malgutu zituela gobernuak, Europa ekialdeko 40.000 sasoikako beharginek Alemaniara joateko aukera izan zezaten. Espainiako Estatua ez zen atzean gelditu: mugen itxiera zela eta langileak kontratatzeko izango ziren zailtasun nabarmenak ikusita, 13/2020 Errege Lege Dekretua onartu zuen gobernuak, hainbat premiazko neurri jasotzen zituena, nekazaritzarekin lotuta. Kontratazioa errazteko neurriak ziren, finean; adibidez, lan egiteko behin-behineko baimenak zituzten migratzaileen baimenak luzatzea edota 18-21 urte bitarteko zenbait migratzaileri lan egiteko baimenak ematea. Bestalde, langabeziagatiko dirulaguntzak eta nekazaritza arloko soldatak uztartzea baimendu zuen gobernuak. Horrek, noski, soldatak zein baxuak diren adierazten du.

Lan eta Migrazio Ministerioaren arabera, aurtengo otsailean, %30 soilik ziren Nekazaritzako Zerbitzu Berezian jardun eta Gizarte Segurantzan afiliatutako migratzaileak. Bestalde, ezin ohikoagoak dira sasoiko langileek bizilekutzat izaten dituzten txabolak; batzuetan, beharginek beraiek hala moduz eraikitakoak. Afrikako Langileen Kolektiboko zenbait kidek salatu izan duenez, bost-sei pertsona bizi ohi dira etxola horietan, eta hainbat kasutan, ez dute urik edota elektrizitaterik izaten. Beste hainbat kasutan, gauak igarotzeko txabolarik ere ez dute izaten.
Hona hemen Landako Langileen Sindikatuak 2000. hamarkada erdialdean argitara ateratako testigantza gogorra:

«Marrubien eremu honetan egunez egun bizi dugun irudia ehunka jornalari etorkin dira, jornal bat lortzeko noraezean ibiltzen direnak; magrebtarrak, Sahara hegoaldekoak, poloniarrak, lituaniarrak edo ukrainarrak, pinudietatik irteten ikusten direnak, eta ezin duzu jakin non egin duten lo. Herrietako plazetan ere ikusten ditugu, zain, patroien batek, bere 4x4 ibilgailutik edo furgonetatik, egun batzuk edo ordu batzuk lan egin nahi ote duten noiz esango. Ilaran ikusten dira Palos, Mazagon, Lepe eta gainerako marrubi herrietan, astean bitan, janari pixka bat eta higiene-tresnak dituen poltsa bat lortzeko. Poltsa horiek udaletxeetan banatzen dituzte Caritasek edo beste Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuek, botere publikoen dirulaguntzak dituztenak, langile horien goseagatik edo etsipenagatik desordenak eztanda egin ez dezan. Familia andaluziarrak edo emakume errumaniarrak, poloniarrak edo bulgariarrak pilatuta bizi diren kortijoak, zerbitzu egokirik gabeko etxeak, batzuetan argi elektrikorik gabeak, ur berorik gabeak eta baita urik gabeak ere. Soldata barregarriak, Huelva probintziarako hitzarmen kolektibopean berez ezarritakoa ere betetzen ez dutenak. Errendimendu-eskakizunak marrubi-kaxen topeekin, pertsonako eta lanaldiko jaso behar dituztenak, langileak langileen aurka xaxatuz».

Eta baldintzak ezin latzagoak badirudite ere, azpimarra jarri behar zaie Espainiako Estatuan nahiz Italian emakume jornalariek salatu dituzten sexu-erasoei. El Diario-k 2018an jaso zuenez, Huelvan marrubiak biltzen aritu ziren hainbat emakumek adierazi zuten eraso egin zietela haien nagusiek. Jazarpena nahiz bortxaketak salatu zituzten sasoikako langile horiek.

Sistema eta ekoizpen modu honek, bada, oinaze eta min batzuen bizkar eraikitzen du bere gaitasuna eta errentagarritasuna. Lur osora hedatzen diren lokarri konplexuak dira, bizi eta ekoizpen modu oso bat ahalbidetzen dutenak, eta negarra izerditzen dutenak etengabe.


BIBLIOGRAFIA

Preciosmundi.com

Jornaleros de la fresa o esclavos modernos, Sindicato de Obreros del Campo

Mano de obra para la campaña de recogida de fruta: ¿en qué condiciones?, Newtral atariak argitaratua

Una investigacion periodística denuncia violaciones a trabajadoras immigrantes en los campos de fresas de Huelva, El Diario-k argitaratua

Cuaderno de comercio justo. Monográfico sobre el textil laneko bigarren kapitulua: El mercado global del textil y sus desequilibrios comerciales, Coordinadora estatal de comercio justo