Espainiako Estatuko lan-merkatua lur emankorra da nagusien arbitrariotasunerako: Lan Ikuskaritzaren bitartekoak murritzak dira, eta lan-indarra, berriz, oso sakabanatuta dago (enpresen %75ek bost behargin edo gutxiago dituzte). Gauzak horrela, Lan Ikuskaritzaren bisita jasotzen duten enpresak gutxiengoa dira.
2020an 20.924 esku-hartze egin zituen guztira, 1,3 milioi konpainiaz osaturiko enpresa-ehunean. Ikuskaturikoen artean, hirutik batek baino ez zuen ikuskaritza gainditu, eta ondorioz, 5.610 arau-hauste atzeman ziren guztira. Bien bitartean, ordaindu gabeko aparteko orduak %15,7 gehitu ziren 2020ko hirugarren hiruhilekotik laugarrenera, ordaindutakoen bikoitza. Iruzur egoerak konpontzeko eskakizunak 5.946 izan ziren, eta kasuon ikerketaren harira, 6,2 milioi euroko isunak ezarri zituzten estatu osoan 2020. urtean zehar.
Ordutegien kontrolaren arloan, zehazki, Espainiako Estatuko enpresen %0,15en ateak baino ez zituen jo ikuskaritzak 2020an. 2.107 esku-hartze egin zituen, 381 eskaerarekin eta 388 arau-hausterekin. Horien ondorioz ezarritako isunen zenbatekoa 761.758 eurokoa izan zen; kopuru irrigarria, hilean 13 milioi ordu ordaintzeke utz ditzaketela ikusita. 2022ko Espainiako Estatuko ohiko soldata gordina urteko 18.480,19 eurokoa eta orduko 11,8 eurokoa izanda, enpresariek hilabete bakarrean eta aparteko lanorduetan bakarrik aurreztu dutena 154.175.000 eurotik gora zenba daiteke.
Lanaren digitalizazioak lanorduen erregistroan lagun zezakeen. Ikuskarien sindikatuak azaldu izan duenez, ordenagailuarekin lan egiten duten langileen VPN konexioaren bidez posible da euren lanalditik kanpoko orduetan martxan jarraitzen duten egiaztatzea. Ez da auzi tekniko hutsa, ordea. Ikuskarien ustez, arazoa ikuskapen horiek egiteko "eskurik eza" litzateke.
Lan Ikuskaritzako Kidegoaren 2020ko memoriaren arabera, Espainiako Estatuan 2.000 ikuskatzaile zein ikuskatzaileordetik gora daude, 20 milioi langile baino gehiagoren lan-baldintzak behatzeko, hau da, ikuskatzaile bakarra 10.000 langileko. Funtzionariotzaren beste sektore batekin alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-ratioa 10.000 biztanleko 75 poliziakoa dela ikus daiteke. Beraz, ez da giza-baliabide falta soilik, egiturazko mugek eragindako borondate politiko falta ere hor dago.
Genero-arrakala
Ordaindu gabeko aparteko lanorduen proportzioak ez du eragin berdina emakume langileen kasuan. Espainiako Estatu osoan, guztira, 880.500 langilek egiten dituzte behin eta berriz aparteko orduak. Horien artean, 453.000 inguruk ordainsaririk gabe egiten dituzte aparteko lanorduak, eta hori ohikoagoa da emakumezko langileen artean. Emakume langileen aparteko lanorduen %55,7 aurreztu dute enpresariek 2022an, gizonezkoen %45,1en aldean. Praktika hori ohikoagoa da sektore feminizatuetan, hala nola, jarduera zientifikoetan, hezkuntzan; izan ere, aparteko orduen %70 baino gehiago ez da ordaintzen, eta bi gremio horiek ordaindu gabeko aparteko lanaldi guztien ia herena osatzen dute.