2017. urteko maiatzean hasi ziren Donostiako (Gipuzkoa) Anoeta futbol estadioa eraberritzeko lanak. Atzo, osteguna, ELA sindikatuak jakinarazi zuen obretan aritu diren 18 enpresa salatu dituela, lanetan izan diren "gehiegikeriak, iruzurrak eta faltsifikazioak" direla-eta.
ELAko kideen arabera, enpresa horiek 200 langile baino gehiagoren dokumentazioak faltsutu dituzte, eta 4,5 milioi euroko zorra pilatu dute beharginen ordaindu gabeko soldatetan zein Gizarte Segurantzari ordaindu gabeko kotizazioetan. Bestalde, enpresei 250.000 euro baino gehiagoko isunak ezarri zaizkiela ere adierazi dute.
"Neurri zuzentzaileak hartu ezean", datorren udako lanetan "iruzurra errepikatu daitekeela" esan du ELAk, "obraren tamaina" eta "horretarako beharko den pertsonala" kontuan hartuta.
"Obra merkeak"
Hala, Donostiako Udala eta Reala ere seinalatu ditu sindikatuak. Ibon San Jose ELAko kideak Argiari azaldu dionez, "obraren adjudikazioan dago oinarrizko arazoa", lizitazio-prezioek ez dutelako Langileen Estatutua betetzea ahalbidetzen. "Badirudi kudeatzaile publikoen helburu bakarra dela Realak ahalik eta gutxien ordaintzea", dio.
Obren esleipenerako lehiaketa publikoan, irteera prezioak "merkeak" ziren, San Joseren arabera. Hala, soilik bi enpresa aurkeztu ziren lehiaketara; ABEE edo Anoeta Zelaia Aldi Baterako Enpresa Elkartea (Moyua eta Altuna y Uria enpresek osatua), eta "protesta" gisa, Obegisa-Inviza ABEE, prezioa gainditzen zuen aurrekontu batekin. ABEEk irabazi zuen.