Gaur arratsaldean, Andoainen (Gipuzkoa) izan da D&S desokupazio-enpresa. Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, arratsaldean bertan jakin du bi desokupa agertu direla Ama Kandida etorbideko etxebizitza batera, pertsona bat handik kanporatzen saiatzeko. Segituan bertaratu dira sindikatuko hainbat kide, jazarria izaten ari zen bizilaguna babesteko eta bi matoiak handik botatzeko.
Egindako presioari esker, alde egin behar izan dute desokupek. Gero eta jende gehiago bertaratu da, gainera, soldatapeko faxisten kontra protesta egitera eta horiek kanporatzera. "Premiazkoa da faxismoaren adierazpen ezberdinen aurrean antolatzea eta horiei aurre egitea", aldarrikatu dute sindikatuko kideek.
Badirudi desokupek begiz jotako etxea eraitsi egin nahi dutela, eta tartean dagoela Urumea Berri enpresa eraikitzailea. Sindikatuaren esanetan, interesdun horiek bidali dituzte D&S-ko matoiak pertsona bat etxegabetzera, "nahiz eta bertan zeuden udaltzainek eta enpresa eraikitzaileko langileek hori hala denik ukatu duten".
Gaurkoan desokupei aurre egitera joan diren lagunek haiek botatzea lortu duten arren, etxe-kaleratzea gauzatu egin da azkenean. Sindikatuak jakinarazi du, dena den, "alternatiba baten bermearekin" izan dela oraingoz, "enpresak berak beste bizileku bat eman baitio" etxegabetua izan den pertsonari.
Soldatapeko desokupen esku-hartzea eta Poliziaren konplizitatea
Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak dio "gero eta maizago" ikusten direla halako kasuak, eta askotariko enpresek faxistak kontratatzen dituztela "egoera zaurgarrian" dauden edo "beste baliabiderik" ez duten pertsonen kontra. Gaur jazarria izan den laguna, esaterako, kale-egoeran zegoen aipatutako etxebizitzara sartu zenean.
Desokupazio-enpresen "izaera faxista" salatu du sindikatuak: "Jabe txiki edota enpresa handiek bide legalak saihesteko kontratatzen dituzte, eta metodo estrajudizialen bidez egiten dute euren lana". Ezinbestekotzat jo du, beraz, "desokupazio-enpresa horiei aurre egitea eta beren zerbitzuak kontratatzen dituzten jabe edo enpresak seinalatzea".
Andoaingo udaltzainek izan duten jarrera ere salatu du sindikatuak, "hasieratik faxistekin batera topatu" baitituzte, eta "horiek babesten egon baitira".
⚠️ Andoainen, D&S desokupazio-enpresa botatzea lortu du Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.
— Gedar.eus (@GedarLangileKZ) June 4, 2024
Urumea Berri enpresa eraikitzaileak kontratuta, pertsona bat etxegabetzera bertaratu dira desokupak. Alde egin behar izan dute sindikatuak egindako presioari esker. pic.twitter.com/H5ErQZm3Oq