ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Boletín
2024/10/22 11:25

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak aurreko astean eman zuen gazteentzako "alokairu-bonuen" berri. Alokairuko etxebizitza bat lortzeko zailtasunak dituzten 18 eta 35 urte bitarteko pertsonentzako laguntza bat izango litzateke: ustez, "gazteen emantzipazioa erraztu nahi du, herrialdean alokairu-prezioak gero eta handiagoak direlako". Autonomia erkidegoek tramitatuko dituzte laguntzak, EAEk eta Nafarroak izan ezik, horiek beren sistema propioak kudeatzen baitituzte.

Hileko 250 euroko bonu hori eskuratzeko, eskatzaileek 21.600 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak izan behar dituzte urtean. Gainera, etxebizitzaren hileko alokairua ezin da 600 eurotik gorakoa izan, baina, zenbait kasutan, erkidegoek 900 eurora igo dezakete muga hori, beren lurraldeetako merkatuko prezioen arabera. Logelen alokairuari ere aplika dakioke bonua, hilean 300 euroko mugarekin, eta 450 eurora igo daiteke salbuespenezko egoeretan.

Gobernuak bonuetarako onartutako aurrekontua 200 milioi eurokoa denez, eskatzaile bakoitzak gehienez 6.000 euroko laguntza jasotzen badu bonuak irauten duen bi urteetan, 33.000 gazte inguruk soilik jaso ahal izango dute laguntza hori estatu osoan. Hala ere, zifra hori alokairu-kopuruen aldaketen eta erkidegoetan dagoen eskari-mailaren araberakoa izango omen da.

Etxebizitzaren erronka gazteentzat

Espainiako Estatuan 6,7 milioi gazte inguruk dituzte 18 eta 35 urte bitartean, Espainiako Estatistikako Institutuaren (INE gazteleraz) arabera. Horien artean, zati handi batek ditu independizatzeko zailtasun nabariak, alokairuaren prezio altuak eta diru-sarrera baxuak direla eta, nagusiki.

Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurka Borrokatzeko Europako Sareak berriki egindako txosten baten esanetan, alokairuan bizi diren gazteen %30 inguruk diru-sarreren %40 baino gehiago bideratzen dute gastu horretara, eta egoerak okerrera egin du hiri handietako alokairu-prezioen igoera orokorrarekin.

600 euro: muga irreal bat

Hori gutxi balitz, bistan da guztiz irrealak direla gobernuak muga modura jarritako zenbatekoak, eta argitaratu dituzten hainbat datuk agerian uzten dute hori: Espainiako Estatuan, etxebizitza baten alokairuaren prezioa 1.000 eurotik gorakoa da batez beste.

Fotocasa atariaren erregistroen arabera, alokairuen %6 besterik ez dira gehienez 600 eurokoak. Alokairuen batez besteko prezioak hirika begiratuz gero, are gutxiago dira gehienez 600 euro balio dutenak. %0,1 baino ez dira Bartzelonan, %0,25 Madrilen, %0,4 Valentzian eta Santanderren, %1,2 Tenerifen, %1,4 Gironan eta %1,6 Bilbon.

NO HAY COMENTARIOS