ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/30 11:31

Atzo, Pasaiako (Gipuzkoa) udalbatzaren ohiko osoko bilkuran izan ziren Escalerillaseko bizilagunak eta Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak. Etxegabetuak izateko arriskuan jarraitzen dute Trintxerpeko Escalerillaseko hamabi familiak, Pasaiako Portuak eta Euskal Trenbide Sareak euren etxeak bota nahi baititu, trenbide bat eraikitzeko. Hala, atzo, euren aldarriak eraman zituzten udalbatzarrera arriskuan dauden bizilagunek eta sindikatuko militanteek.

Etxe horiek botatzeko asmoen berri nola izan duten salatu zuten, batetik. Bizilagunak "zeharka" hasi ziren asmo horien inguruko zurrumurruak han-hemenka entzuten, baina plana ez zen "ofiziala" izan 2023ko abendura arte. "Pasaiako Portuko agintariekin bilera eduki ostean, hortik zazpi hilabetera etxeak era baketsuan eta ordenatuan utzi behar zituztela esan zieten. Trukean? Ezer ere ez", seinalatu zuen atzo Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kide batek, osoko bileran hitza hartzean.

Pasaiako Udala ere isilik

"Errenteriako eta Pasaiako udalek Portuko batzordean ordezkaritza izan arren, ez digute ezer jakinarazi joan den abendura arte", salatu zuen bizilagun batek: "Prozesu honetan, bizilagun asko postaz deituak izan ginen, hildako gure senideen, gure amen eta aiten, izenean idatzitako gutunen bidez, etxeetako maizterrak gu garela jakinda ere".

Pertsona horrek gaitzetsi zuen, nahiz eta trenbidearen proiektuak urteak daramatzan prestaketa-lanetan, inork ez diela Escalerillaseko bizilagunei ezertxo ere jakinarazi "irabazien pastel osoa banaturik egon denera arte". "Udaleko inork ez zuen ezer egin etxegabetzeen berri izan genuenera arte. Baina orain ere, gure etxeen alde borroka egitea erabaki dugula, ez da ezertxo ere egiten", gaineratu zuen.

2.000 sinadura, denentzako bizitoki-alternatiba baten alde

Atzo udalbatzarrera eraman zituzten Escalerillaseko bizilagun guztientzako bizitoki-alternatiba baten alde bildu dituzten sinadura guztiak: 2.000 inguru dira. Bizilagun batek azaldu zuenez, indarrez ezarri nahi dieten etxe-kaleratzearen kontra eta "benetako alternatiba baten" alde eman diete babesa milaka pertsonak. Horretaz gain, udalbatzarreko hautetsi guztiei hitz egin zien, etxegabetzearen kontrako jarrera har dezatela exijitzeko.

Osoko bileran ohartarazi zutenez, ez Pasaiako Portuak, ez Eusko Jaurlaritzak, ez Gipuzkoako Foru Aldundiak, ez Pasaiako Udalak ez diete inolako alternatibarik eskaini Escalerillaseko familiei. "Gure etxeak defendatzea eta Escalerillaseko bizilagun guztiontzako benetako alternatiba baten alde borrokatzea beste aukerarik ez dugu", azpimarratu dute haiek.

Manifestazioa larunbatean

Larunbat honetarako, ekainaren 1erako, manifestazio bat antolatu du Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Etxebizitza-alternatiba bat aldarrikatuko dute Escalerillaseko bizilagun guztientzat, azken asteetan etenik gabe egin bezala. Trintxerpeko Gudarien Plazatik abiatuko da manifestazioa, 12:00etan.

NO HAY COMENTARIOS