Auzitegi Gorenak aho batez ebatzi du Koldo auzia izenez ezagutzen dena: espetxe-zigorra ezarri die sarearen arduradun politiko nagusiei, baina Victor de Aldama enpresaburua salbuetsi du Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak eskatzen zuen 3,7 milioi euroko isuna ordaintzetik. Auzitegi Gorenak 24 urte eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Jose Luis Abalos Garraio ministro ohi eta PSOEko Antolakuntza idazkari ohiari. Koldo Garcia aholkulari ohiari, berriz, hemeretzi urte eta zortzi hilabeteko zigorra jarri dio. Aldamari lau urte eta erdiko kartzela-zigorra ipini dio erakunde kriminal bati eta funtzionario-eroskeriari lotuta, baina ez da kartzelan sartuko: magistratuek ez diote zigorra betearaziko, egindakoa aitortu duela eta "gertaerak argitzen lagundu" duela iritzita. Horren ordez, urtebetez gizartearentzako lanak egitera behartu dute, eta hitzeman du ez duela "berriro deliturik egingo".
Ebazpen judizialak zehazten duenez, osasun-krisiaren testuinguruan, hiru akusatuek adostasunez eta modu koordinatuan jardun zuten, Garraio Ministerioan zuten eragina erabiliz, Soluciones de Gestión enpresak (Aldamari lotutako merkataritza-enpresa bat) bi kontratu publiko lor zitzan. Auzitegiak frogatu du, antza, 2020ko martxoaren 20an hasi zirela operazioak: data horretan, Abalosek ministro-agindu bat sinatu zuen eta bide egin zion 8 milioi maskara erosteari, aipatutako enpresari mesede egiteko asmoz.
Hurrengo egunean, martxoaren 21ean, Estatuko Portuen erakunde publikoko lehendakaritzak formalki esleitu zion kontratua enpresa horri, 20 milioi euroan; 2,5 euroko prezioa finkatu zuten maskara bakoitzarentzat. Egun batzuk geroago, bigarren erosketa zentralizatu bat egin zuten Trenbide Azpiegituren Administratzailearen (ADIF) bidez, 12,5 milioi euroan, beste 5 milioi maskara erosteko.
Nahiz eta Ministerio Publikoak eta akusazio partikularrek seinalatu duten Aldamak 3,7 milioi euroko komisioak eskuratu zituela bi kontratu horiengatik (MTM 180 eta Deluxe Fortune sozietateen bitartez bideratu zituen), Auzitegi Gorenak uko egin dio enpresariari iruzurraren parekoa den isun bat jartzeari. Aukera zegoen Aldamari informazio pribilegiatua aprobetxatu izana leporatzeko, baina delitu horretatik absolbitu dute epaileek, "egoera pandemikoaren larritasuna, urgentzia eta material sanitarioaren lizitazioen berehalakotasuna edozein operadorerentzat begi-bistakoak" zirela argudiatuz.
Ondorioz, epaiak edozein erantzukizun zibiletik salbuesten du Aldama, eta zigor ekonomikoa 430.298 euroren konfiskazio kolektibora mugatzen du, Abalosekin eta Garciarekin batera. Funtzionario-eroskeriatik eratorritako legez kanpoko irabaziei dagokie zenbateko hori, eta kantitate horretatik 340.000 euro ordainduko ditu Aldamak. Auzitegiak berak bere idazkian ohartarazi duenez, komisioak kobratzen zituen enpresaburuaren irabaziak 6,6 milioi eurokoak izan ziren, Barne Ministerioari egindako salmentak eta Kanarietako eta Balear Uharteetako osasun-zerbitzuekin egindako negozioak barne hartuta. Horien adarrak modu independentean ikertzen ari dira Auzitegi Nazionalean.