ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/08 12:35

Sei hilabetetik gorako greba amaitutzat emango dute Gasteizko (Araba) lorezainek. Udalak azpikontratatutako Enviser enpresa eta langile-batzordea herenegun heldu ziren akordio batera, eta baldintzak ontzat eman zituen plantillak ESK, LAB eta ELA sindikatuen atzoko asanbladetan. Horiek horrela, urte erdiz greba mugagabean tinko eutsi ostean, bukatu da lorezaintzako greba historikoa.

2028ra arte indarrean egongo den itun propio bat zehazten du akordioak, hobekuntza batzuekin. Hain justu, hiru urte hauetarako 5.000 euroko soldata-igoera lineala izatea (%25 inguruko igoera dakar horrek), berehalakoan hilean 200 euro gehiago kobratzea, urteko lanaldiari 108 lanordu kentzea, otordua egiteko denbora areagotzea eta baimenak hobetzea adostu dute, besteren artean. Borrokari esker hainbat hobekuntza lortuta, astelehenean itzuliko dira lanera grebalariak.

Sei hilabete atzera: borrokarako arrazoiak eta langileen aurkako erasoak

Plantillak martxoaren bukaeran jo zuen grebara, lan-baldintzak hobetzeko hitzarmen propio baten alde. Izan ere, azaldu zuten hilean 1.190 euro inguru kobratzen dituztela, Espainiako Estatu mailako itunak zehazten duen modura; ezarritako gutxieneko soldatara ozta-ozta heltzen dira. Horrez gain, lanaldi amaigabeak eta babeserako materia falta salatu zituzten, eta grebari ekin zioten baldintza hobeak lortzeko. Babes handia jaso dute Gasteizen, eta horren erakusle dira egindako manifestazio jendetsuak (irailaren 26an kasu) eta lortutako ia 8.000 sinadurak.

Azken sei hilabeteetan, askotariko erasoak jasan dituzte borrokan ari ziren beharginek; bai Enviserren partetik, bai hura kontratatu zuen udalaren partetik (azpikontrataturik dauka zerbitzua), bai Eusko Jaurlaritzaren partetik. Udalak eta Enviserrek eskatuta, Jaurlaritzak ekainean behartu zituen ia 30 grebalari lanera itzultzera, abusuzko zerbitzu minimoak ezarriz; eta langileek irailean salatu zuten udalak kanpoko hainbat behargin kontratatu zituela, greba zapuzteko. Udaltzaingoaren babesean jardun zuten eskirolek.

Horrez gain, udaleko ordezkarien partetik etengabeko kriminalizazioa pairatu dute lorezainek: Beatriz Artolazabal zinegotziak (EAJ), adibidez, gutxienez birritan jarri ditu salaketak Polizian, langileek euren protesta-ekintzetan politikariaren ardura seinalatu izan dutenean.

Langileen borroka aldarrikatu du LASek

Gasteizko Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) azpimarratu duenez, "lorezainek euren lan-baldintzetan hobekuntzarik lortu badute, haien borroka nekaezinagatik izan da, eta inola ere ez udalaren edo enpresaren borondate onagatik". Azaldu du, hala, lorezainek erakutsitako "determinazioa eta borrokarako borondatea eredugarriak" izan direla "Gasteizko langileriarentzat": "Gai izan dira plantilla ia osoa urte erdiz greban, batuta eta borrokan aktibo mantentzeko eta, delegazionismoa alboratuta, nabarmena izan da langileek gatazka osoan zehar izandako iniziatiba eta parte-hartze zuzena". LASek uste du "lan-gatazka bulegoetatik kalera aterata lortu dutela benetan udal-gobernua mugiaraztea eta euren aldarrikapenak, partzialki bada ere, ezartzea".

Autodefentsa-sarearen arabera, langileen borrokak udala behartu du "bere aurpegi autoritarioena azaltzera", "gainontzeko azpikontratetan borroka hedatu ez dadin". Gogora ekarri du zer nolako erasoak jasan dituzten beharginek; hala nola "Poliziaren jazarpena, politikarien zein hedabideen kriminalizazioa, enpresaren autoritarismoa, eskirolak...". Baina nabarmendu du, "askatasun sindikalen aurkako erasoen artean", zerbitzu minimoen inposaketa izan dela "borroka ahultzeko tresna nagusia". Gainera, iritzi dio udalak, Enviserrek eta Jaurlaritzak "bat egin" dutela "haien klase-interesak defendatzeko", "legedia arbitrarioki erabiliz edo zuzenean ilegalki greba-eskubidea zapalduz".

11 langileren aurkako salaketa, mahai gainean

LASek oroitarazi duenez, azken sei hilabeteetako borroka dela-eta, mahai gainean jarraitzen du 11 langileren aurkako salaketa penalak. "Enpresaren nahiz udalaren orain arteko jarrera ikusirik, ez litzateke harritzekoa izango, hurrengo hilabeteetan, borrokan aktiboen ibili diren langileen aurkako zigor mota ezberdinak ikustea", ohartarazi du. Horiek horrela, LASeko kideek exijitu dute bertan behera gera dadila salaketa oro, eta balizko zigorren aurka "irmotasunez erantzuteko" konpromisoa erakutsi dute.

Bestalde, hasieratik egin duen modura, "gatazka honen jatorria" jarri du jopuntuan autodefentsa-sareak: "udal-azpikontratazioaren negozioa", alegia. Are: jakinarazi du "azpikontratazioak sortzen duen soldata eta baldintza arrakala pairatzen" jarraituko dutela Enviserreko beharginek.

NO HAY COMENTARIOS