ACTUALIDAD / Sindicalismo
Aiaraldeko industrialguneetako langileak Tubacexeko beharginekin elkartasunez mobilizatu dira
Manifestazioa egin dute Aiaraldeko hainbat industria-enpresetako langileek, Tubacexen otsailaren 11tik greba mugagabean dauden langileei eta, batez ere, 129 kaleratuei elkartasuna adierazteko.
2021eko martxoaren 22
Aiaraldeko industrialguneetako langileak Tubacexeko beharginekin elkartasunez mobilizatu dira

Aiaraldea (Araba eta Bizkaia) eskualdeko lantegietako langileek Laudioko (Araba) kaleak bete dituzte gaur goizean, Tubacex enpresan greba mugagabean dauden beharginei eta, zehazki, 129 kaleratuei babesa adierazteko. Enpresaren zuzendaritzak joan den ostegunean adierazi zuen azkenean 129 behargin kanporatuko dituztela Laudioko eta Amurrioko (Araba) lantegietatik; hain zuzen, zuzenean kaleratuko dituzte 95, aurretiko erretiroa hartu beharko dute hamabik, eta borondatezko bajak beste hamabik.

Autoglas, Guardian, Amurrio Ferrocarril, Envases, Tubos Reunidos, Maderas, Vidrala, Jez, Deguisa, Inauxa, Imegar, Berriak eta Montajes Jauregi enpresetako beharginek hartu dute parte gaurko manifestazioan, besteak beste.