ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / DW
2024/05/31 10:52

Político hedabidearen arabera, Amerikako Estatu Batuek emandako armak Errusiaren kontra erabiltzeko baimena dauka jadanik Ukrainako Gobernuak. Zenbait funtzionario estatubatuarrek baieztatu diote hori komunikabideari, esanez Joe Biden presidenteak berak baimendu diola erabilera hori Ukrainako agintaritzari, eta "malguagoak" izaten hasiko direla. Dena den, itxura denez, oraindik ez dute baimen hori ofizialki eman.

"Presidenteak duela gutxi agindu dio bere taldeari Ukrainak arma estatubatuarrak erabili ahal izatea, Jarkoven kontraerasora jotzeko; modu horretan, eraso egiten dieten edo erasotzeko prestatzen ari diren indar errusiarrei erantzun ahal izateko", azaldu dio goi-kargu estatubatuar batek Político-ri.

"Irismen laburreko" erasoak

Teorian, mugatuta egongo litzateke AEBek emandako armen erabilera hori. Errusiak aurrerapen eta urrats militar garrantzitsuak egin ditu berriki Jarkov inguruan, eta, ustez, horri aurre egiteko soilik erabili ahal izango ditu Ukrainak estatubatuarren armak. Inguru horietan errusiarrei eraso egiteko baliatu ahalko ditu, besteak beste, suziriak eta suziri-jaurtitzaileak.

Ukrainak ez dauka baimenik Errusiaren aurka "irismen luzeko" erasoak egiteko, teorian. Berez, muga errusiarraren beste aldean dauden tropen kontra baino ezingo ditu erabili arma estatubatuarrak Ukrainak. Ezin omen du misilik Errusia erdialdera bota, edo "azpiegitura zibilik" erasotu.

Azkenaldian, baina, egin ditzakeen erasoei jarritako mugak atzera bota ditzatela eskatu du Ukrainak behin eta berriz, eta badirudi horretarako baimena ematen hasiak direla jada: bide horretan pauso bat eman dute orain AEBek. Antony Blinken estatu-idazkariak aste honetan esan du AEBek Ukrainarekiko duten politika aldatu egingo dela "beharren arabera".

Mendebaldea, konplize eta erantzule

Berriki, Mendebaldeko beste zenbait gobernuk, hala nola Frantziako Estatukoak, Britainia Handikoak, Danimarkakoak eta Herbereetakoak, ildo bereko adierazpenak egin dituzte: esan dute Ukrainak eskubidea izan beharko lukeela Mendebaldeko estatuek emandako armak errusiarren kontra baliatu ahal izateko, eta hori ahalbidetuko dutela. NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek ere horren aldeko jarrera erakutsi du.

Horren aurka, Errusiako Gobernua ere ez da isilik geratu: NATOri leporatu dio "tentsioa" areagotzea, Errusiaren kontra Mendebaldeak emandako armak erabiltzea sustatzeagatik. AEBetako eta Europar Batasuneko gobernuak hori guztia "modu kontzientean" egiten ari direla dio Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, eta mehatxu egin du Vladimir Putin presidenteak: "ondorio larriak" izango direla ohartarazi du.

NO HAY COMENTARIOS