ACTUALIDAD / Guerra
7,8 milioi pertsona gose-arriskuan Hego Sudanen, gerra inperialistaren eta espoliazioaren ondorioz
"Hondamendi humanitario atzeraezinaz" ohartarazi dute nazioarteko erakundeek, berehalako arriskuan baitago 700.000 haurren bizia, finantziazio falta eta oinarrizko zerbitzuen itxiera tarteko.
2026eko apirilaren 30 - 11:00
7,8 milioi pertsona gose-arriskuan Hego Sudanen, gerra inperialistaren eta espoliazioaren ondorioz
— ARGAZKIA Sudan Tribune-ren bidez

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) astearte honetan argitaratu ostean Al Jazeera-k zabaldutako txosten berri baten arabera, datozen hilabeteei begira, 7,8 milioi pertsona daude (biztanleria osoaren %56) elikagai-segurtasun falta larrian Hego Sudanen. NBEko Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundeak, Elikagaien Munduko Programak eta UNICEFek egin dute salaketa: borroka armatuak gogortu izanaren eta nahitaezko desplazamenduen ondorioz, inoiz ez bezalako kolapso material batera bidean da munduko herrialderik gazteena.

Muturreko pobreziak bereziki kolpatzen du haurtzaroa. Dokumentuak erakusten duenez, sei hilabete eta bost urte bitarteko 2,2 milioi haurrek pairatzen dute malnutrizio akutua, eta horrek esan nahi du urte erdian 100.000 gehiago identifikatu dituztela. Uume horietako 700.000 "hiltzeko arrisku larrian" daude, gatazketan zehar nutrizio-zerbitzuak sistematikoki suntsitzen direlako eta murriztu egin delako bizi-tratamenduetarako sarbidea, nazioarteko funtsak kendu izanak eta hornidura faltak eraginda batik bat.

Gaur egungo krisia Arabiar Emirerri Batuek proxy milizien bidez eragindako gerra zibilaren bateratzearen emaitza material zuzena da, baita klima-aldaketaren ondorioen eta gatazkak ondoko Sudanen duen eraginaren emaitza ere (2011n independizatu zen). Herrialdearen egitura ekonomikoak, munduko pobretuenetako batek, okerrera egin du inflazio izugarriarekin eta gastu militarrera bideratutako baliabideen drainatzearekin. Testuinguru horretan, estatuko armadaren (Hego Sudango Herriaren Defentsarako Indarrak) eta Arabier Emirerri Batuek eta Mendebaldeak babestutako mertzenario taldeen arteko liskarrek ekoizpen-indarren eta langileen eta nekazarien biziraupenerako bitartekoen suntsipena areagotu dute.

Politikoki, instituzioen paralisia eta indarkeria Salva Kiir Mayardit presidenteak eta Riek Machar presidenteordeak ordezkatutako boterearen fakzioen arteko hausturaren ondorio dira. Azken hori, gaur egun, Juban auzipetuta dago hilketa, traizioa eta gizateriaren aurkako krimenak leporatuta. Eliteek estatu-aparatuaren gaineko kontrol-kuotak erabakitzen dituzten bitartean, 2018ko "bake-akordioa" ez betetzeak arriskuan jartzen du herrialdea, aurreko hamarkadan 400.000 "heriotza" eragin zituen gerraren antzeko batera itzultzeko.

Hego Sudango egoerak agerian uzten ditu potentzia inperialisten laguntza humanitario baldintzatuaren mugak eta "egonkortasunaren" porrota, zorra eta kanpo-mendekotasuna kudeatzeko markoen pean. Oinarrizko zerbitzuak itxita, aurrekontu faltagatik eta elikagaiak garraiatzeko segurtasun fisiko faltagatik, gosez hiltzen duen pauperizazioari aurre egin behar dio biztanleria zibilak. "Denbora agortzen ari da", ohartarazi dute nazioarteko erakundeek, elikagaien krisiak heriotza masibo saihesgarria eragin dezakeela gogoraraziz.