ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Business Insider
2025/05/14 09:35

Etxebizitzaren krisi betean, infraetxeak bultzatzeko neurri baten berri eman du Eusko Jaurlaritzak. Denis Itxasok (PSE-EE), Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, jakinarazi du "bizigarritasunaren" inguruko dekretua malgutuko dutela, lokal komertzialak etxebizitza bilakatu ahal izateko baldintzak errazagoak izan daitezen. 2022an onartu zuten dekretu hori.

Itxasoren arabera, EAEko 7.500 lokal hutsek baino gehiagok betetzen dituzte etxebizitza izateko gutxieneko baldintza teknikoak. "Bizigarritasunari" buruzko arautegia aldatuz, lokal horien erabilerarako aukera zabalduko dute, eta etxe modura erabili ahal izango dira. Izan ere, etxe bihurtutako lokal komertzialak dekretuaren 10. artikuluan sartuko lirateke, eta salbuetsita egongo lirateke eskakizun tekniko jakin batzuk bete behar izatetik, hirigintza-plangintzan hori lehendik aurreikusi ez bada ere.

Eustatek dio Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 142.000 bat lokal komertzial daudela, eta horietatik %15 inguru daudela hutsik, 21.000 baino gehiago alegia. Horien artean, ebatzi dute %36 bat direla etxebizitza modura erabiltzeko baldintza teknikoak betetzen dituztenak; esan bezala, 7.500 inguru. Hala ere, Itxasok zehaztu du lokal huts konkretu batzuk bideratu nahi dituztela etxe izatera: "interes komertzialeko eremuetan" ez daudenak, eta "etxebizitza-solairuan kokatutako jarduerak, hala nola bulegoak, kontsultategiak eta abar, ezartzeko aukerarik" ematen ez dutenak.

Beraz, "etxebizitzaren eskaintza areagotzea" aitzakiatzat hartuta, gutxienez 35 metro karratuko azalera eta 2,6 metroko altuera dituzten lokal komertzialak etxe bilakatzea sustatuko du Jaurlaritzak. Horretarako hartuko dituen neurrien artean, "erabilera industrialeko edo hirugarren sektoreko eraikinak osorik edo zati batean birmoldatzetik datozen etxebizitzak eta beheko solairuan dauden merkataritza-lokalak elkarlaneko etxebizitzei edo zuzkidura-bizitokiei eskatutako baldintzekin parekatuko" dituzte legez. Udaletako hirigintza-araudiak ere aldatu beharko dira, eta aurreneko pauso modura, Itxasok dio protokolo berri bat sinatuko duela Eudelekin.

NO HAY COMENTARIOS