ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / El Diario Vasco
2022/10/14 15:01

2022ko abuztuan ia 50.000 lagunek jasotzen zuten Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zifra zertxobait apaldu da joan den urtetik hona, izan ere, 2021. urtean 68.701 izan ziren laguntza hori jaso zuten pertsonak. Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zenbatekoa 727 eurotik 803 eurora igotzea eta gutxieneko adina 18 urtera jaistea erabaki du 2023rako, inflazioari so. Gauzak horrela, titularren kopurua igotzea espero da. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko pobreziaren atalasea 12.668 eurotan kokatzen zen 2021ean, hau da, hilean 1.056 euro 12 ordainsaritan. Kopuru hori urrun dago Eusko Jaurlaritzak eta Podemosek DSBErako hitzartu duten gutxienekotik.

Lanbideren datuek DSBEren inguruan zabalduta dauden topiko ugari gezurtatzen dituzte. Errenta jasotzen duten pertsonen jatorriari buruz espekulatzen duena da zurrumurru ezagunena. Bada, Lanbideren zifrek adierazten dutenez, 2021ean DSBE jasotzen zuten 68.701 lagunetatik 46.747k Espainiako Estatuko nortasun agiria zuten, hau da, %68,04k.

Atzerritarren proportzioa erlatiboki altuagoa izan daitekeen arren, gogoan izan behar da dirulaguntza hori jasotzen duten pertsonen %31,96 direla atzerritarrak eta zifra baxua izaten jarraitzen duela horrek, Espainiako Estatistika Institutuaren (INE) pobrezia eta gizarte-bazterketa arriskuaren tasak kontuan izanez gero. Horiek adierazten dutenez, Espainiako hiritartartasuna duten pertsonen %23,1 pobrezia-arriskuan zeuden 2018an, Europar Batasuneko atzerritarren eta munduko gainontzeko herrialdeetako pertsonen artean proportzioak %47,7 eta %56 ziren bitartean, hurrenez hurren. Ondorioz, pobrezia atzerritarren artean askoz ere altuagoa bada ere, gutxiengoa dira dirulaguntzak jasotzen dituztenen artean.

Beste datu esanguratsu bat landunen eta langabeen arteko proportzioa da. 2021ean DSBE jasotzen zuten biztanleen %45 baino ez zeuden langabezian, 31.118 lagun. Izatez, 13.853 lagun (%20) lanean zeuden laguntza jaso bitartean, eta gainontzeko guztiak pentsiodunak edo lan-merkatutik salbuetsita zeuden pertsonak ziren.

Ohiko profilak

Emakumeen (39.468) eta gizonezkoen (29.230) aldea handia izan zen 2021ean. Hala ere, are kopuru nabarmen eta esanguratsuagoak dira bakarrik bizi direnen multzokoa (39.863), egoera horretan sei urte edo gehiago daramatenena (28.049) eta oinarrizko ikasketak baino ez dituztenena (46.354). Gainera, DSBEren onuradunen gehiengoa 25 urte baino gehiago dituztenen artean kontzentratzen da. Bitxikeria modura, unibertsitate-ikasketak zituzten 3.122 lagunek ere oinarrizko errenta jaso zuten 2021ean.

NO HAY COMENTARIOS