ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Palestina Hoy
2023/01/31 09:38

31 egun baino ez dira igaro 2023. urtea hasi zenetik, baina bereziki odoltsuak izan dira egunok Palestinako lur okupatuetan: Israelgo indar armatuek gutxienez 34 palestinar erail dituzte hilabete honetan, tartean bost haur, Pagina 12 atariak emandako datuen arabera. Iazko apirilean ekin zion Israelek "ofentsiba antiterrorista" deitu dion estrategiari, eta are bortitzago ari da Palestinan esku hartzen azken asteetan, muturreko eskuineko gobernu berria buru duela. Duela aste batzuk osatu zuten gobernu berria Israelen, eta jakina da ministro arrazista eta antiarabiarren presentzia. Bitartean, ozena da nazioarteko isiltasun orokortua.

Sarekada odoltsuak

Aurreko ostegunean eman zuten Israelgo indarrek azken hamarkadan egindako sarekadarik odoltsuenaren berri: Jeningo (Zisjordania) errefuxiatu-eremu batera sartu ziren militar israeldarrak, haien esanetan, Israelen kontrako ekintzak prestatzen ari ziren eta ustez Yihad Islamiarreko kide ziren hainbat palestinar atxilotzeko. Tiro-hots ozenak eta leherketak entzun daitezke operazio horretan hartutako irudietan. Antza, militarrei aurre egin zieten zenbait palestinarrek, baina "neutralizatuak" izan ziren. Guztira, bederatzi pertsona hil zituzten Israelgo indarrek esku-hartze horren ondorioz, eta hogei lagun zauritu zituzten, haietako lau larriki. Hurrengo egunean, ostiralean, Gaza bonbardatu zuen Israelek.

Zisjordanian, bereziki ohikoak izan dira halako sarekadak azken hilabeteetan. Urtea hasi bezain pronto, esaterako, bi gazte erail zituzten Israelgo militarrek mota horretako operazio batean, tiroz. Almog Cohen Israelgo diputatuak adierazi du Jeninen lan "zoragarri eta profesionala" ari direla egiten Israelgo militarrak. "Jarraitu [palestinarrak] hiltzen", gaineratu du. Aurreko osteguneko sarekada hilgarriaren ondoren, Israelekiko "segurtasun kooperazioa" delakoa bertan behera utzi du Palestinako Autoritateak.

Zigor kolektiboak

Azken egunetan, bestalde, bi gazte palestinarrek egin dituzte israeldarren aurkako ekintzak, Jerusalemen. Sinagoga batean zazpi pertsona hil zituen gazteetako batek, eta, beste ekintza batean, bi pertsona zauritu zituen beste palestinar batek. Gazte horien hurbilekoen kontrako neurriak hartuko dituzte Israelgo autoritateek, ohartarazi dutenez; esaterako, senideen etxebizitzak itxiko dituzte.

Etxeak eraisteko aurreneko pausoa izan ohi da hori. Israelen aldetik ohikoa da, mendeku eta zigor kolektibo modura, israeldarren kontrako ekintzen erantzuletzat jotzen dituzten palestinarren etxebizitzak botatzea. Palestina Hoy atariak atzo jakinarazi zuen, Jerusalemen, palestinarren hamalau etxebizitza eraisteari ekin ziola Israelek.

Kolonoen eraso faxistak

Neurri gehiago ere ikusi dira Israelgo autoritateen eskutik. Jerusalemen, adibidez, kaleetatik palestinar banderak kentzen ari dira militar israeldarrak. Dena den, etengabeak dira kolono israeldarren eraso faxistak ere. Nablus hiri okupatu palestinarrean, hainbat zibil palestinarren autoei su eman zieten kolono israeldarrek herenegun. Ramalan ere palestinarren zenbait etxebizitza eta ibilgailuri eman zieten su kolonoek aurreko astean. Hori gutxi balitz, zauritutako palestinarrak artatzera zihoazen anbulantziei eraso egin diete kolonoek azken egunetan.

Sareetan sona handia izan dute Israelgo indarren esku-hartze odoltsuen aurrean kolonoek emandako erantzuna: zenbait bideotan, israeldarrak ikus daitezke, Israelen banderak soinean, militarrek egindako erasoak ospatzen. Bideo honetan, "ez dago klaserik bihar, Gazan ez daude haur gehiago [...], gorrotoa arabiar guztiei, Gaza hilerri bat da" abesten dute.

AEBen bisita

Agertoki horretan, Israelen kontrolpeko lurretara iritsi berri da Amerikako Estatu Batuetako idazkari Antony Blinken. "Tentsioa baretzeko" egin omen du bidaia. Jerusalem eta Ramala bisitatuko ditu antza, eta AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentraleko (CIA) zuzendari Bill Burns ere izango da han egun hauetan. Hamaika aldiz egin modura, Israeli elkartasuna adierazi diote berriki AEBek, eta esan dute "kezka sakona" daukatela azkenaldiko gertakariak direla-eta.

NO HAY COMENTARIOS