ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/01/02 18:11

Prezioen igoera gehiago espero dira Espainiako Estatuan, %3 eta %4 arteko batez besteko garestitzeak, hain zuzen. Sektore gehienetan sumatuko dira horiek, batez ere telekomunikazioetan eta garraioan. Dena den, Espainiako Gobernuak elikagai batzuen Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) jaistea edo kentzea erabaki duenez, produktu ugari koiunturalki zertxobait merkatuko dira, eta horrek hobekuntza baten ilusioak eragin ditzake.

Estatistika ofizialek beti behar dute bigarren irakurketa bat. Izan ere, emaitzak datu horiek neurtzeko erabilitako metodologiaren araberakoak dira. Joan den abenduan urte arteko inflazioa jaitsi izanak, adibidez, ez du bizitzaren garestitze prozesu orokorra eten denik esan nahi. Hilabete luzez euren elikagaien prezioak igotzen aritu diren saltoki handiek ez dituzte prezio horiek berehalakoan jaitsiko, ez bada eskarian jaitsiera nabarmen bat ematen.

Horrela, abenduan urte arteko inflazioa %5,8ra jaitsi izanari baino, azpiko inflazioa %6,9ra (azaroan baino 0,6 puntu gehiago) igo izanari erreparatu behar zaio. Datu horrek adierazten du prezioen igoerak sakoneko arrazoiak dituela, koiunturalagoak eta aldakorragoak diren bi merkantzien prezioa neurtu gabe adierazten baita: energiaren eta elikagai freskoen prezioa kontuan izan gabe, alegia.

Espainiako Gobernuak energiaren prezioa mugatzeko hartutako neurriak inflazio orokorraren datua beherantz bultzatzen du. Hala ere, efektu hori ez da islatu gainerako merkantzien salneurrian; batez ere elikagaien prezioan. Pandemia garaian bitartekari eta saltoki handietako enpresariek izandako galera erlatiboak berrezartzeko baliatzen ari dira inflazio garaia, produktuak ekoizpen kostuak baino garestiago saltzeko abagunea ematen baitie. Galdutako irabazi tasak berrezartzen saiatzen dira hala, hein batean.

Erosketa saskia

BEZa %10etik %5era jaitsiko da olioen eta pasten kasuan, %0ra jaitsiko da oinarrizko produktuetan eta 200 euroko txeke zalantzagarri bat banatuko omen dute 27.000 eurotik beherako errentak dituzten familientzat. Urtarrilaren 1ean kendu zuten premiazko elikagaiei ezarritako BEZa; hala nola, ogi, ogia egiteko irin, esneki, arrautza, fruta, barazki, lekale, patata eta zerealen kasuan. Olioen eta pasten kasuan, berriz, erdira murriztu dute zerga, %10etik %5era.

Funcasek aurreikuspen txosten batean kalkulatzen denez, 2023ko Kontsumoko Prezioen Indizea (KPI)  6,7koa izango da prestatutako elikagaietan, eta landu gabeko elikagaietan, berriz, %9,7koa. Datu horiek 2022ko itxierarekin alderatuz gero, KPIaren jaitsiera erlatibo eta apal bat ikus daiteke. Izan ere, 2022. urtea elikaduraren prezioen etengabeko gorakadak markatu zuen, azaroan %15,3ra iritsi baitzen. Apirilean, Munduko Bankuak elikagaien %23ko igoera iragarri zuen urtea amaitzerako, eta ondorioztatu zuen energiaren eta ongarrien prezioak 2023an eta 2024an moteltzen ez badira, "nabarmen" igo daitezkeela.

Espainiako Bankuaren buletinaren arabera, elikagaien indizea 150ekoa izango da aurten, eta 130 ingurukoa datozen urteetan. Beherakada hori gorabehera, datuak ez datoz bat 2021eko datuekin, elikagaien indizea 90 puntukoa baitzen. Prezioen hazkunderik handiena, gaur egun, olioetan (% 55,9), azukrean (%50,2), irinetan eta beste zereal batzuetan (%37,6) eta gurinean (% 37,5) ikusten da. Azarotik urrira bitarteko datuak alderatuz gero, garestitze handiena oliba-olioari dagokio (% 9), eta, ondoren, azukreari (% 5,7). Lekaleen eta barazkien prezioak %8,3 jaitsi dira.

Energian su-etenik ez

Gasaren tarifa arautuaren igoerarekin hasi da 2023a. Azken baliabideko tarifa (TUR) da hori, 2023ko lehen hiruhilekorako batez beste %8,67 igotzen dena tarifa indibidualetan. TUR1 duen batez besteko bezero batentzat (urtean 5.000 kilowatt orduko (KWh) edo gutxiagoko kontsumoetarako, ur beroarekin), berrikuspenak %7,54ko igoera dakar urteko fakturan, zergarik gabe. Auzokoen TUR tarifetan, berriz, beherakada bat nabarituko dute 2023an, kontsumoaren arabera %1,7 eta %2 artekoa izan daitekeena.

Dena den, gasak, elektrizitateak eta gasolinak ez diote arnasten utziko langile klaseari, ez hileroko dirusarreretan ez aurrezkietan. 2023a beste urte konplexu bat gehiago izango da, izatez, gasaren eta petrolioaren etorkizunak ziurgabeak baitira. Igoera gehiago espero dira Espainiako Estatuarentzat eta Europar Batasuneko gainontzeko estatuentzat funtsezkoak diren lehengaietan. Gasaren megawatt orduaren (MWh) kostua 90 eurotik gorakoa izango da urte berrirako, Gasaren Merkatu Iberikoaren (Mibgas) datuek erakusten dutenez. Horri gehitu behar zaio 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako Azken Errekurtsoko Tarifaren (TUR) igoera, %8,67koa izan dena batez beste, joan den urritik indarrean dagoen balioarekiko.

Argindarraren prezioak ere langile klaseko familia ugari kezkatzen ditu. Kasu honetan, gas naturalaren ekoizpenak "asko" eragingo duela ohartarazi dute ekonomialariek. Izan ere, argindar ekoizpenaren %25 baino gehiago gasetik dator. Energia berriztagarriak ez dira nahikoa; are gehiago tenperatura altuek, euriaren eskasiak edo haizerik ezak lehengai horri tira egitera kondenatzen badu, etxeak zein ehun industrialak argiz hornitzeko zailtasunak eraginez.

2022ko argiaren batez besteko prezioa 2021ekoaren bikoitza izan zen, inoizko garestiena, 209 euro/MWh. Zehazki, ia bikoiztu egin zituen 2021ean erregistratutako 111,93 euro/MWh batez bestekoak, aurreko marka historikoa ezarri zuenean. Egoera horrekin eta elektrizitatea sortzeko gas-muga indarrean jarri den arren, orduko megawatt kostuak garesti jarraituko du. MEFFren (Etorkizunekoen eta Finantza Eragiketen Espainiako Merkatua) datuen arabera, MWh bakoitzak 140 eurotik gora balioko du. Azken egunetan negoziatutako gerokoetan, hirugarren eta laugarren hiruhilekoetarako, orduko megawatt prezioa 220 eurotik gorakoa da.

Petrolioaren alorrean ere poltsikoak estutuko dira. Nahiz eta ez den iazko urtearen erdialdean (124 euroak jotzera iritsi zenean) bezain garesti egongo, 80 eta 90 euro artean kokatuko dela aurreikusi dute adituek. Bank of Americaren (BofA) kasuan, 100 dolarrekoa izango da Brent upelarentzat eta 94 dolarrekoa West Texasentzat. 100 dolarretik behera dago Goldman Sachs, 98 dolarreko prezioan Brent upelarentzat eta 92 dolarrean West Texasentzat. JP Morganek, bestalde, Brent motako upelaren kostua 96 dolarretan finkatzen du, eta West Texasekoa 90 dolarretan.

20 zentimoko deskontuaren amaiera

Aurrekoari Espainiako Gobernuaren hobariaren eta erregai litro bakoitzeko 20 zentimoko deskontuaren amaiera gehitu behar zaio. 2023ko urtarrilaren 1ean geratu zen bertan behera, nahiz eta, batez beste, 11 euro gutxiago izan 55 litroko batez besteko depositua betetzean.

Iragarpen horren aurrean, petrolio-konpainia eta banatzaile nagusiek beren kabuz jardutea erabaki dute, eta, gehienek, martxoaren 31ra arte gutxienez, 10 zentimoko deskontuak eta eskaintzak mantenduko dituzte markekin "fidelak" izateko aplikazioen edo programen bidez. Espainiako Estatuan gasolinaren batez besteko prezioa 1,565 eurokoa izan zen azken astean, eta gasolioarena, berriz, 1,643 eurokoa.

NO HAY COMENTARIOS