Espainiako Estatua turismo-errekor berri baterantz doa 2025ean. Hainbat erakunde ofizialek eta sektorialek, Espainiako Estatistika Institutu Nazionalak (INE) eta Excelturrek kasu, aurreikuspen batzuk egin dituzte dagoeneko, eta kalkulatu dute nazioarteko turisten kopurua 100 milioi ingurukoa izango dela aurten. 2024an 93,8 milioi izan ziren. INEren datuek erakusten dutenez, urteko lehen hilabeteetan %7 inguru egin zuen gora kopuruak, eta horrek esan nahi du estatu mailan erroldatutako biztanle bakoitzeko (biztanleria 50 milioi ingurukoa da azken kalkuluen arabera) bi turista egongo direla urtean zehar.
Turista-biztanle proportzioan izandako jauzia mugarri izan da sektorearen eta, oro har, Espainiako Estatuaren azken aldiko historian. 2000. urtean 48,2 milioi turista eta 40,4 milioi biztanle zenbatu zituzten; 2025ean, bisitarien kopurua bikoiztu egingo da, eta biztanleria %22 baino ez da hazi.
Santiago Fernandez Muñoz Madrilgo Carlos III Unibertsitateko Giza-Geografiako irakasleak La Vanguardia egunkarian ohartarazi duenez, presioa areagotu egin da eta lurralde batzuetako ehuna tenkatzen hasi da. Turismoaren gorakadak eragin du, halaber, 2024ko abuztuan etxebizitza turistikoetako plazak hoteletakoak baino gehiago izatea lehen aldiz: 1.995.218 plaza, 1.922.541 plazaren aldean.
Turismo-fluxu horren tamainak egitura-erronkak dakartza, beraz. Sektoreko hainbat erakundek eta analistak azpimarratzen dute, hala nola Oscar Perelli Excelturreko lehendakariorde exekutiboak, "garrantzitsuena" ez dela " 100 milioi turistara iristea", baizik eta "presio horren inpaktu sozial eta ekonomikoari heltzea"; batez ere etxebizitza, azpiegitura eta bizikidetzari dagokienez. 2025erako datu ofizialek eta aurreikuspenek berresten dute turismoa izango dela hiri-plangintzarako eta jasangarritasunerako arazo nagusietako bat.