ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Herri Unibertsitatearen desalojoa EHUko Gasteizko campusean, iaz.
2025/03/14 10:56

Hiru ikerketa urte bakoitzeko. Batez beste, horixe da azken bost urteetan Ertzaintzako Barne-Auzien unitateak ireki duen espediente kopuru hutsala, esku-hartze polizialen batean "indarkeriaren gehiegizko erabilera" izan ote den ikertzeko: hamabost espediente 2020tik hona, hain zuzen ere. El Correo-ren arabera, irekitako espediente horietatik hiru zuzenean artxibatu zituzten gero, seinalatutako polizia-agenteen aurkako inolako neurririk hartu gabe.

Hiru espedientek baino ez dute ekarri ertzainen bat zigortzea. Prozesu horietan, lau agenteri ezarri diete zigorren bat, baina barregarriak izan dira: 2023an biolentziaren erabilera "neurrigabeagatik" jarri zizkieten bi hilabeteko eta hilabete bateko zigorrak bi ertzaini; 2021ean hiru hilabeteko zigorra jaso zuen hirugarren agente batek, eta 2020an, hamabi eguneko zigorra eman zioten laugarren bati. Gainerako bederatzi espedienteak "tramitatzen" ari dira oraindik, nahiz eta horietatik sei geldirik dauden une honetan, auzi judizialen bat ere zabalik dagoelako horiei lotuta.

2023tik 2024ra bitartean soilik, Ertzaintzako Barne-Auzien unitateak gutxienez 48 ikerketa egin ditu agenteek "indarkeriaren gehiegizko erabilera" egin izanagatik. Aipatutako egunkariak dio, ordea, ez dagoela 2020-2022 aldiari buruzko datu frogaturik; hala defendatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak.

Azken bost urteetan martxan jarritako ikerketetako bat da, hain zuzen ere, joan den otsailean Karen Daniela izeneko emakume bati ertzainek emandako jipoi izugarriari buruzkoa, Donostian (Gipuzkoa). Badirudi aurrera doala azterketa, baina El Correo-k berak azaldu du polizia-postuan jarraitzen dutela Karen Daniela bortizki jipotu zuten agenteek, eta, oraingoz, barne-ikerketan ez dutela topatu ertzainen "jarduketa desegokirik".

NO HAY COMENTARIOS