Gaurko egunez, duela hamar urte, Altsasuko 7en auzia hasi zen, 2016ko urriaren 15ean. Altsasuko taberna batean bi guardia zibilek eta euren bikotekideek izandako liskar baten harira, zortzi gazte altsasuarren kontrako muntaia polizial eta mediatiko bati ekin zioten, Guardia Zibila buru zela. Agenteek esan zuten, besteak beste, "zirenak zirelako" jaso omen zituztela kolpeak goizaldeko taberna-istilu horretan; "motibazio ideologikoek" bultzatuta, alegia.
Kasu judiziala Espainiako Auzitegi Nazionalak gidatu zuen, akusatuen defentsak "epaiketa inpartziala" izan zedin eskatu arren. Fiskaltzak, ordea, gertakariak "eraso terroristatzat" jotzeko eskatu zion epaileari, eta gazteentzat hamabi eta 62 urte arteko espetxe-zigorrak eskatu zituzten. Epaileak kargu horiek baztertu zituen, baina zortzi horietako zazpi gaztek hiru eta hamabi urte arteko espetxe-zigorrak jaso zituzten, honako delitu hauen pean: agintaritzaren aurkako atentatua, nagusitasunez lesioak eragitea, eta desordena publikoa eragitea. Zortzi gazteetatik zazpi kartzelaratu zituzten.
Defentsak behin eta berriro nabarmendu zuen gazteen errugabetasuna, auzi osoan zehar proportzionaltasunik existitu ez zela, eta akusazioaren froga falta. Izan ere, epaiketan zehar zenbait irregulartasun atera ziren argitara: gazteak identifikatzerakoan, "jipoitutako" guardia zibilek ikerketan parte hartu zutelakoan, edo COVITE akusazio partikular gisa aritzerakoan, besteak beste. Haatik, epaiketa gidatu zuten hiru epaileek banan-banan ezeztatu zituzten bi urtetan zehar akusatuen kontaketa indartzen zuten ebidentziak, baita Guardia Zibilaren adierazpenak gezurtatzen zituzten frogak ere. Urte honen hasieran bete zuen kondena oraindik zigorra amaitzear zuen azken gazteak.
Agertoki politiko berri baten hastapenean, auzi politiko horrek argitara atera zituen hainbat alderdi: Espainiako Gobernuak zuzenean eskatu zuen auzia Auzitegi Nazionalean epaitu zezatela; akusatuen inguruak dirutza eskuratu behar izan zuen, bai epaiketa gastuei bai zigor ekonomikoei aurre egiteko. Horrez gain, Espainiako Estatuko hedabide nagusiek, alderdi eskuindarrek eta ezker parlamentarioak estatu-egituren errelato kriminalizatzailea zabaldu zuten. Ondorioz, estatu-egituren eta polizia-indarren arteko elkarlana are eta gehiago zorroztu, eta herrian bertan izua zabaldu zen, polizien gezurretan eta zigorgabetasunean oinarrituta.
Dena dela, kasu horrek balio izan zuen zenbait eztabaida politiko mahaigaineratzeko eta mobilizazio-ziklo bat abiatzeko: izan ere, gazteen aurkako muntaiaren bidegabetasunaz gain, polizia-indarren zilegitasuna kolokan jarri zuten protesta horiek, baita belaunaldi gazte baten politizaziorako baldintzak areagotu ere.