Soldata beltzean jasotzeak hainbat ondorio ditu langileriarentzat: ez kotizatzeak dakarren Gizarte Segurantzako laguntzen galera, eta erretiro-pentsioen balioaren jaitsiera, besteak beste. Horrez gain, enpresek zergak ekiditeko mekanismotzat darabilte langileei beltzean ordaintzea. InfoJobs atariak ezkutuko ekonomiari buruz 2023an argitaratutako txostenaren arabera, Espainiako Estatuan, 16 eta 24 urte arteko gazteen %32k beltzean jaso zuten soldata aurreko bi urteetan.
Bi izan ohi dira beltzean kobratzeko arrazoiak. Batetik, soldata baxuak direla-eta langileek ezkutuko ekonomiara jo behar izatea: 2021ean %29k aipatzen bazuten arrazoi hori, %38raino igo zen ehunekoa 2023an. Bestetik, enpresa askok ez dute beste aukerarik uzten: 2021ean, gazteen erdiak esan zuten enpresak beltzean aritzera behartzen zituela, eta azken bi urteetan zifra murriztu bada ere, %40 ingurukoa izaten jarraitzen du. Oro har, Espainiako Estatuko langileen %11k, gutxienez, soldataren zatiren bat edo bere osotasuna beltzean jaso zuten 2023an. Horien laurdenak ez zuten inolako ikasketarik, eta soilik %9k zuten goi-mailako ikasketaren bat.
2021ean, gazteen erdiak esan zuten enpresak beltzean aritzera behartzen zituela, eta azken bi urteetan zifra murriztu bada ere, %40 ingurukoa izaten jarraitzen du
InfoJobs-en arabera, aurreko bi urteetako datuekin alderatuz gero, iaz bost puntu igo zen beltzean kobratzeko aldez aurretiko jarrera zuten langileen kopurua; %28ra iritsi zen. Lehenengo eta bigarren sektoreko langileak ziren prestutasunik handiena erakusten zutenak, %33 baitziren. Halaber, langile guztien %19 ados zeuden soldataren zatiren bat beltzean jasotzearekin, eta %9 soldata osoa balitz. 16-24 urteko gazteak ziren, berriz ere, beltzean kobratzeko prestutasunik handiena zutenak, erdiak onartuko bailukete baldintza hori.