ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Europa Press
2023/12/23 11:57

Munduko Ezberdintasunaren Laborategiak (WIL, ingelesezko sigletan) Ezberdintasunak eta birbanaketa Europan txostena kaleratu du. Bertan, 1980 eta 2017 arteko zenbait datu azaltzen dira, Europako estatuetako ezberdintasunei buruz. Espainiako Estatua laugarrena da biztanleriaren % 20 aberatsenen eta txiroenen arteko aldeari dagokionez. Soilik Bulgariak, Errumaniak eta Letoniak dute ezberdintasun-arrakala handiagoa.

Espainiako Estatuko % 10 aberatsenek pobreenen % 50ek baino zortzi aldiz gehiago irabazten dute, eta aberastasun osoari dagokionez, % 57,6 hartzen dute. Egungo datuei dagokienez, urtean 6.000 euro baino gutxiagoko sarrerak dituztenak biztanleriaren % 23,84 dira (11,2 milioi lagun); 12.000 eta 30.000 artean irabazten dutenak % 40; 30.000 eta 60.000 artean kokatzen direnak % 16, eta 600.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituztenak % 0,04 dira (8.481 lagun).

Gizartearen % 10 aberatsenaren errentak 11,8 aldiz biderkatu zuen % 10 pobreenarena 2021an

Azken hamarkadari dagokionez, biztanleen % 95ek ez dute diru-sarreretan inolako gorakadarik ikusi. Aldiz, % 0,1 aberatsenek % 10 handitu dituzte euren sarrerak. Bestalde, Estatuko Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Europako Sareak (EAPN-ES) egindako urteko txostenaren arabera, gizartearen % 10 aberatsenaren errentak 11,8 aldiz biderkatu zuen % 10 pobreenarena 2021an; aurreko urtean baino 1,3 puntu gehiago, alegia.

Europa

Europako datuak ere ageri dira Munduko Ezberdintasunaren Laborategiak eginiko txostenean: 1980 eta 2017 artean, diru-sarrera orokorren hazkundetik, errentarik handienen % 1ak % 50 txiroenak bezainbeste bereganatu zuen. Horrela, Europako %80 txiroenen errenta %40 hazi da 37 urtean, % 0,001 aberatsenena % 200 hazi den bitartean; hots, bost aldiz gehiago. Era berean, 2008 aurretik errenta-ezberdintasuna murrizten ari bazen ere, urte horretatik aurrera berriro hazi zen. 1980an europarren % 20 pobrezian bizi baziren, 2017rako zifra hori %22raino igo zen.

1980 eta 2017 artean, diru-sarrera orokorren hazkundetik, errentarik handienen % 1ak % 50 txiroenak bezainbeste bereganatu zuen

Mundua

Mundu mailan, % 10 aberatsenen sarrerak % 50 txiroenenak baino 38 aldiz handiagoak dira. Horrekin batera, % 10ek mundu osoko aberastasunaren % 75 baino gehiago hartzen dute, gizateriaren erdiak hartzen dutena % 8,5era iristen ez den bitartean. Beraz, 2.668 lagun (munduko biztanleriaren % 0,00003) milioidun handiak ziren 2021an, haiek bakarrik aberastasun osoaren % 3,5 baitzeukaten. Zifra hori 520.000 lagunetara zabalduz gero, hau da, munduko biztanleriaren % 0,1 aberatsena aintzat hartuz gero, eurena da munduko aberastasun osoaren % 11.

% 10ek mundu osoko aberastasunaren % 75 baino gehiago hartzen dute, gizateriaren erdiak hartzen dutena % 8,5era iristen ez den bitartean

NO HAY COMENTARIOS