Duela egun batzuk Bilboko Urkila Zentro Sozialista indarrez itxi zuen Ertzaintzak. Zazpi urte zeramatzan hutsik BBK-ren eraikinak, Bilboko Kontseilu Sozialistako kideek, duela hilabete batzuk, langileriaren babeserako eta antolakuntza politikoa indartzeko jardunez bete zuten arte. Egun batzuk lehenago, biolentzia handiz hustu zuen Legutioko Desjabetuon Hotela Zentro Sozialista polizia berberak. Gogor oldartu zen polizia Legutiora Zentro Sozialista defendatzera bertaratu zirenen aurka: bi atxilotu eta hainbat zauritu eragin zituzten. Modu horretan, epaileen, enpresa pribatuen eta Ertzaintzaren arteko lankidetzari esker, espekulaziorako eta irabazi ekonomiko-pribatuak pilatzeko prest daude berriro bi eraikinak, eta, bitartean, are baliabide gutxiagorekin aurkitzen dira politikari profesionalekiko eta parlamentuekiko modu independentean antolatu nahi duten horiek.
Bi husteen artean, San Ferminen atarian, Mugimendu Sozialistaren Iruñeko tabernara, Kalixtora, sartu zen polizia. Kasu horretan Espainiako Polizia izan zen, eta litekeena da, errutinazko droga miaketa bat aitzakiatzat hartuta, beldurra eta tabernaren gaineko ospe txarra zabaltzea izatea helburua. Ez dirudi efektu handirik izan duenik, ordea; ikusi besterik ez dago, bestela, egun hauetan Kalixtora gerturatzen ari den jende andana.
Poliziak bere lana egin duela esan daiteke: Estatuaren defentsan, enpresa pribatuen etekinak babesten eta antolakuntza politiko independentea oztopatu nahian ari da.
Burgesiak diruaren bitartez eraikinen eta abarren gaineko kontrola eskuratzen du, horien legezko jabea bihurtuz. Berdin egiten dute azken horren boterea zalantzan jartzen ez duten alderdi politikoek ere, Estatutik lortutako milioiei esker edo enpresarien diru-iturriei esker, egoitzak, tabernak eta abar erosi ditzaketenean. Proletariotza, aldiz, jabetza ezak ezaugarritzen du oro har, eta ezinezkoa egiten zaio biltzeko eskubidea —oinarrizko eskubide bat dena— gauzatzeko ezinbestekoak diren espazioetarako sarbidea izatea. Zentzu horretan, komuniston hautua izan beharko luke, burgesiaren jabetzak desjabetzeari esker, politikoki eta forma independentean antolatzeko aukera luzatzea proletariotzari. Helburu horri ekarpena egitera datoz, hain zuzen, Zentro Sozialistak.