AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA

Gazteen bizi eredua iraultzeko 12 aldarrikapen mahaigaineratu ditu GKSk. 12 aldarrikapen gizarte kapitalistak eskaintzen duen errealitate miserablea borrokatu eta sozialismoaren beharra azpimarratzeko.

Estatuaren organoen erreformen edo proposamen fiskalen kontrara, programa sozialistek proletalgoaren instituzioen beharra eta Estatu Sozialistaren eraikuntza galdegiten dute; hain zuzen, proposamen horien atzean erreforma demokratikoei kontrajarria den botere sozialistaren eraikuntza dago. Horrek, proposamena borrokaren planoan kokatzeaz gain, eraikuntzaren planoan ere kokatzea eskatzen du. Gazteek aurkeztu dituzten proposamenen modukoek argi adierazten dute ez dela beharrezkoa oinarri ideologikoei uko egitea indar militantea sendotu eta biderkatzen joateko; alderantziz, egiturazko arazoek soluzio integralak eskatzen dituztela defendatzeko hautua egin dute berriz ere.

Kritikaren jo-puntuan jarri ditu GKSk gazteen bizi-eredua zeharkatzen duten instituzio nagusien dinamikak eta sortzen dituzten arazoak. Datozen belaunaldien bizi eredua zeharkatuko duten baldintza ekonomikoen, sozialen eta politikoen oinarriak modernizatzen ari da burgesia, hau da, normalizatzen ari da bizi eredu proletarizatua. Eta arazo hori urrun dago gazteena soilik izatetik; azken finean, burgesia, elite baten mesedetan, pobrezia normalizatzen ari da eskubideen urraketa sistematikoaren zein dominazio kulturalaren bidez.

Ezin ukatu gisa GKSrenen moduko proposamenek lan handia, konstantzia, diziplina eta gaitasun eta baliabide aproposak garatzea eskatzen dutela. Hala ere, ezin da besterik espero; klase-gizartearen abolizioa helburu duen mugimendu baten proposamenek anbizio handia eskatzen baitute, ezin baitaiteke ongizatearen aldeko promesarik egin iraultza sozialistaren aldeko borrokan apusturik egin gabe. Ozenago esan zitekeen baina ez argiago: Estatu Sozialistaren bidean, gazte langileok borrokara!