AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/07/30 19:47

Aurreko larunbatean, Zestoako (Gipuzkoa) plazan egin zuen agerraldi bat herriko Gazte Asanbladak, Gaztetxe berriaren une honetako egoera azaltzeko. Gazteek salatu zuten ziurgabetasun osoa dela nagusi Gaztetxearen etorkizunari dagokionez: jakin berri dute huste-arriskuan jarraitzen duela Langile Kontrolpeko Espazioak, hura husteko prozedurari heldu baitio berriz Gipuzkoako gotzaitegiak. "Hilabetetako inkomunikazioaren eta negoziaketarako egin dizkiegun dei guztiei entzungor egin ondoren, Elizak zentroko Gaztetxea desalojatzeko prozesu judiziala jarri du martxan", adierazi zuen prentsaurrekoan Gazte Asanbladak.

Joan den otsailean hartu zuten Elizondo eraikina izandakoa Gazte Asanbladako kideek, eta Gaztetxe bilakatu zuten. Elizaren jabetzakoa da espazioa, eta birjabetzearen berri izan bezain pronto aurkeztu zuen salaketa bat Gipuzkoako gotzaitegiak; horren ondorioz, apirilean epaitu zuten Zestoako gazte bat Azpeitian (Gipuzkoa). Gazte Asanbladak, gainera, maiatzaren bukaeran salatu zuen mehatxu egin ziola berriz Elizak: maiatza amaitu aurretik Gaztetxea husteko esan zien gazteei, egiten ez bazuten, bide judizialarekin aurrera jarraituko zuela esanez. Eta, azkenean, bide horri eutsi dio.

Eliza, bere jabetza pribatuaren defentsan

"Ekintza horrekin, Eliza berriz ari da erakusten bere izaera erreakzionarioa. Bere burua bakearen eta zapalduen ondoan kokatzen duen arren, instituzio kapitalista atzerakoi horrek, praktikan, bere jabetza pribatua defendatzen du beste edozein balioren gainetik. Erortzen uzten ari zen eraikin bati benetako funtzio soziala ematen ari zaion Gaztetxea desalojatu nahi du jabetza pribatu santuaren izenean", seinalatu zuen Gazte Asanbladak larunbatean.

"Horretan laguntzeko prest izango du Estatuaren indarkeria, bere polizia eta epaileekin, herriko gazteak eraikinetik kolpeka ateratzeko", gaineratu zuen: "Zertarako, eta berriz ere eraikina hutsik izateko, egunen batean etor daitekeen operazio espekulatiboren baten zain".

Zestoako Udalaren erantzukizuna

Bestalde, Gazte Asanbladak berriz nabarmendu zuen Zestoako Udalaren (EH Bildu) erantzukizuna. Duela hainbat urte, Gaztetxea tokialdatzeko proposamena udalaren "ahotik atera" zela gogorarazi zuen agerraldian, baina "denborak erakutsi" duela "Gazte Asanbladari antolakuntza politikorako horrelako azpiegitura bat ematea ez zaiola interesatzen" udalari. Gazteek iritzi diote udalak "horren aurretik jarri" dituela "herriko ordena soziala eta bere interes alderdikoiak"; alegia, "herriko sektore kontserbadoreak eta, orokorrean, prozesu eraldatzaileen aurka egon daitezkeenak lasai mantentzea, eta kontrara, ezkerretik alde egin dakiokeen edonor geldiaraztea".

"EH Bilduk ondo daki [Gaztetxearen] lekualdatze-prozesuak gazten antolakuntza politiko eta independentea indartzea ekarriko lukeela", gehitu zuen Gazte Asanbladak: "Hori guztia, herrian, EAEn zein Estatuan EAJri hegemonia elektorala lehiatzeko egiten du, horrela, bere burua ordena sozialaren ordezkari nagusi bezala aurkeztuz".

Gaztetxearen potentzia

"Estatutik eta politikagintza instituzionaletik at, herrian antolakuntza politiko, sozial eta kulturalari baldintzak eskaintzeko konpromisoa" berretsi zuten Gazte Asanbladako kideek. "Gaztetxearen egoera ezegonkorrak muga eta oztopo ugari ezartzen badizkigu ere, jada erakutsi dugu eraikin horrek duen potentzialitatea, bertan egin ditugun izaera ezberdineko ekintzekin", aldarrikatu zuten.

"Aurrera begira" ere jarri ziren: "Udara begira antolatzen ari garen ekintzekin eta desalojo-mehatxuaren aurrean, Gaztetxearen defentsa antolatzen jarraituko dugu. Horregatik, dei egiten dugu Gaztetxean antolatuko ditugun ekintzetan eta horren defentsan parte hartzera".

EZ DAGO IRUZKINIK